Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin, uztailaren 6an hasi eta 31ra arte ibiliko dira neska-mutikoak udalekuetan. Lesakan, berriz, sanferminak pasatu ondotik hasiko dira, uztailaren 13an, eta abuztuaren 28ra arte arituko dira.
Guzira 228 neska-mutikok eman dute izena udalekuetan: Arantzan 31 lagun apuntatu dira, Beran 90, Etxalarren 27, Igantzin 17 eta Lesakan 63. Halere, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak zehaztu duenez, «kontuan hartu behar da, udalekuetan asteka izen ematen ahal denez, kopuru hori aste batetik bertzera aldatuz joanen dela».

228 neska-mutiko horiekin, 25 begirale ibiliko dira: «Aipatu bezala, haur kopuruak astez aste aldatzen direnez, begirale kopurua ere horren arabera aldatuz joanen da». Hezitzaileetako bi behar bereziak dituzten haurrekin ariko direla argitu du mankomunitateak, eta aurten, «berrikuntza» bat ere izanen dutela kontatu du: «Aurten hezitzaile bat ekintza bereziak egiten arituko da herriz herri, eta horri esker udalekuetako ohiko programazioaz gainera, sukaldaritza, esperimentuak, mahai jolasen maratoia, ur jolasak… egiteko aukera izanen dute».
Ekainean eta uztail hasieran, hezitzaileek udalekuen inguruan formakuntza hartzekoa dute, «baita jarduera horretan genero berdintasuna eta euskararen erabilera sustatzearen inguruan ere».