Alde batetik, kalamuak mendekotasuna sortzen duela adierazi du: «Kontsumitzaileen %7-10ek mendekotasuna garatzen du; maiztasunez kontsumitzen dutenen artean, hirutik batek». Gehiago ere bai. Kontsumoak «arrisku psikotikoa hirukoiztu» egiten duela azpimarratu du: «Kontsumoak antsietatea, paranoiak eta krisi psikotikoak jasateko aukerak hiru aldiz handitzen ditu». Horrekin batera, «kalte fisikoak eta kognitiboak» eragiten dituela gehitu du: «Tabakoak baino hamar aldiz gehiago kaltetzen ditu birikak eta memoria zein kontzentrazioa galarazten ditu».
Bertzalde, lege aldetik Espainiako Estatuan ondorioak dituela oroitarazi du. Alde batetik, «leku publikoetan kontsumitzeagatik edo edukitzeagatik 300 eurotik 30.000 eurora bitarteko isunak paratzen ahal dituztela» aipatu du. Ez hori bakarrik: «Trafikoak edo laborantzak bat eta hiru urteko kartzela zigorra dakar; drogen eraginpean gidatzeak, berriz, hiru-sei hilabete». Gisa berean, «gidatzean kontrola galtzen» dela eta «gidabaimena batetik lau urtera arte galtzen ahal dela» jakinarazi du.