Nor dugu Unax?
19 urteko igantziarra, alaia bereziki, nahiko lasaia eta lagunartekoa.
Zer duzu maite?
Lagunekin egotea, futbola eta musika aditzea ere bai, gehienbat kanta berriak ezagutzea.
Erizaintza gradua ikasten ari zara...
Betitik nahi izan dut osasungintzan lan egin, jendeari laguntzeko. Hala ere, ideia nagusia mediku izatea zen, baina nota ez zen nahikoa izan eta horregatik erabaki nuen Erizaintza ikastea.
«Ideia nagusia mediku izatea zen, baina nota ez zen nahikoa izan eta horregatik erabaki nuen Erizaintza ikastea»
Nola iragan da lehen ikasturtea?
Hagitz polita izan da. Ikasgaiak hagitz gustuko nituen eta irakasle gehienek erakusten zuten nolabaiteko gogoa irakasteko. Horrez gain, klasearekin hagitz kontent egon naiz, klasekide jatorrak eta lagun hagitz onak egiteko aukera eduki dut. Halere, medikuntza gradura aldatzeko saiakera egin dut; ez dakit aldatuko naizen.
Nola izan da etxetik ateratzea?
Ez da horren aldaketa bortitza izan, amatxiren etxean gelditu bainaiz, familiarteko inguruan. Gehienbat kostatu zaidana hiriko erritmora ohitzea izan da, herria lasaiagoa baita.
Futbolzalea ere bazara...
Betitik gustatu izan zait futbola, baina ikasketak direla eta, utzi behar izan dut. Klaseak arratsaldetan nituen eta entrenamenduetara ezin nintzen joan. Penatuta egon naiz, aunitz gustatzen baitzait eta talde giroa hagitz polita baitzen.
Igantzin zer duzu maite?
Gehienbat giro herrikoia gustatzen zait, denak elkarren artean laguntzeko prest daude eta hagitz jatorrak dira. Horrez gain, nire kuadrilla maite dut, betitik lagunak gara eta denak aunitz maite ditut.
Zuretzat data berezienak?
Inauteak.
Zertaz?
Herriko gazteak elkartzen gara etxez etxe joateko eta besta polita egiten dugu. Egia da herriko bestak ere politak direla, baina inauteetan giro herrikoiagoa izaten da.
Zure helburuak epe motzera?
Erizaintza eta Medikuntzaren artean hautua egitea, zalantza anitz ditut, argiago nuen zortzi urterekin orain baino.
Eta epe luzeagora?
Medikua izatekotan, kardiologoa izan nahiko nuke, eta Erizaintzan larrialdietan edo ZIUan lan egin. Lagunekin harremana mantendu ere bai.