«Lehen sektoreari bultzada» eman nahian, Berako Turismo Bulegoko txoko bati «bizi eta erabilera berria» eman dizkiote: Baztan-Bidasoako ekoizle ttikien produktuak salgai paratu dituzte. Hilabete honetan abiarazi dute egitasmoa eta urrira bitarte egonen da martxan, gainera, behin sanferminak pasatuta Lesakako Turismo Bulegoa ere ekimenera batuko da eta txoko propioa jarriko du.
Helburua bikoitza da: «Turismo jasangarriagoa sustatzea» eta, aldi berean, «bertako ekoizleen lana eta inguruko produktuak balioan jartzea», bai bisitarien artean eta baita herritarren artean ere. Izan ere, turismo jasangarria tokiko kontsumoarekin eta ingurua errespetatzearekin «estuki lotuta» dagoela irizten dute ekimenaren sustatzaileek. Are gehiago, egungo kontsumo ohiturei buelta bat eman nahi diete: «Berako Udalak herrian bertan erostera eta bertako produktuak kontsumitzera bultzatu nahi du; eta kontsumo-ohiturak eta balioak aldatzeko, beharrezkoa da herritarren kontzientzia piztuko duten guneak eta ekimenak sortzea».
Eta zein dira produktuak?
Apalategia betetzeko unean, Itsasne Mendiberri elikadura-teknikariaren laguntza bildu dute eta Bertako Elikagaiak liburuxka izan du ardatz. Bertzeak bertze, hurrengo produktuez bete dute: Baztango Ardo Xurie (Arizkun), Linddurrenborda sagardoa (Lesaka), Larraldea sagardoa (Lekaroz), Kibbi zukua (Donamaria), Kibbi purea (Donamaria), Agorleku ardi gazta (Lesaka), Otxunea ardi gazta (Lesaka), Erlanki eztia (Bera), Beraska eztia (Bera), Maialenen Baratzeko kiwi marmelada (Zugarramurdi) eta Maira pastak (Etxalar).