[ARGAZKIAK] Liburutegiak eta irakurle gazteek piztu dute udako solstizioko sua Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 24a

Lesakako Euskara Batzordeak antolatutako udako solstizioaren edo San Joan bezperako besta ospatu dute aurten ere Lesakan, bero itogarriarekin antolatu du aurten ere. Beroa zerbait arintzeko, ordubete gibeleratu zuten ekitaldia. Aurten, liburutegia Harriondora aldatu zenetik, bere 10. urteurrena ospatzen ari da, eta ekimenaren bidez irakurzaletasunaren jarraipena bermatzeko irakurle gazteen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten eta beraiek eta Marcos Tantos Arriaga liburuzaina izan dira aurten omendutakoak. 

Paola Oskozek aurkezpena egin ondotik, Bortzirietako Bertso Eskolakoak eta Lesakako trikipandero jotzaileak aritu ziren lehenik, kantuan eta musika jotzen. Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena irakurri eta sua piztu zuten, tobera soinuen laguntzaz. Aipatu bezala, Lesakako Liburutegia eta irakurle talde gazteak omendu dituzte aurten eta beraiek izan ziren sua piztu zutenak. Herriko bestei begira, ezpata dantzariek entsegua egin zuten suaren inguruan eta txistulariak ere aritu ziren. Herri afaria eta Alaitz, Gorka eta Hekthorrekin dantzaldia izan zuten.

 

Adierazpena

Hamar urte dira herrikoetxeko ganbaratik Harriondoko egoitzara jaitsi zela herriko liburutegia; alegia, ilunpetik argira eta gaindegitik zelaira. Baina zer da liburutegi bat? Liburu zaharretako biltegia, zoko betegarri izan daitezen eta hautsak har ditzan?

Bada, ez! Liburutegi bat leku magikoa, abentura parke osatuena da, ederrena, goxoena. Elkarren ondoan hegika paratuak dauden liburuetako bat hartu, ireki, hasi irakurtzen eta mundu berri baterako atea zabaltzen da: irria, maitasuna, negarra, beldurra, Historia eta istorioak, bazter harrigarriak ezagutzea, naturaren edertasunaz gozatzea…

Liburuetan zuhaitzak ibiltzen dira eta animaliak solastatzen dira; istorio batek eraman zaitzake lurraren bihotzera edo urrutiko izar batera… hori dena eta gehiago eskaintzen digu irakurtzeak.

Eta hau guzia badaki Markos Tantos Arriagak, orain dela bortz urte edo, liburuzain lanpostua lortu zuenak, eta bere lantokian duen aberastasun hori guzia denen esku paratzera saiatzen denak.

Hori horrela, zenbait dinamika paratu ditu martxan, bertzeak bertze:

- Motxila ttikia zirkuitua, 2 eta 5 urteen bitarteko haurrentzat

- Mintzoan kux-kux, 6 eta 8 urte bitartekoentzat

- Lesakako gaztetxoen irakurle kluba, 9 eta 12 urteen bitarteko koxkorrentzat

Honetaz gainera, idazleak gonbidatu eta ekartzen ditu eurek idatzitako liburuak aurkez ditzaten eta liburuen inguruko tertulia piztu dadin.

Izan ere, Markosek gustukoa du, arrunt, lan hori bere zorionerako eta, dudarik ez, bertze gainerakoenerako.

Honegatik guziagatik berari eskaini diogu solstizio egun honetako sua pizteko ardura, eta aipatu dinamiketan sartuak dabiltzan nerabeek lagunduta ongi etorria emanen diogu udari.

A! Etorri liburutegira gazteak eta beti gazteak! Ez zaizue damutuko eta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun