Memoria historikoa egitearen garrantzian sinistuta, Líneas de frontera bere lehen eleberria plazaratu zuen iaz Fernando Mikelarena beratarrak. Istorioari nolabaiteko segida eman zion Asesinato en la conspiración lanarekin eta, oraingoan, Errandonea protagonistari segida emanen dion hirugarren eleberria argitaratu berri du: ¡Salvar a Baroja! .
Idazleak erran duenez, irakurleek 90 urte gibelera eginen dute liburuarekin 1936raino. Hala, Gerra Zibilaren (1936-1939) hastapenetaraino ailegatuko dira eta Mola jeneral frankistaren konspirazioak hurbiletik ikusteko aukera edukiko dute; baita Madril, Iruñea eta Berako gerrako lehen egunetako gertaerak ezagutzeko ere.
Gisa berean, Pio Barojak 1936ko uztailaren 22ko arratsalde-gauean heriotzetik ihes egitea nola lortu zuen ezagutzeko aukera izanen dute irakurleek, arima lakartuta zuen jendez betetako testuinguru batean. Aitzineko hiru eleberriei so, Errandonea tenienteak itzalean lan ordainezina eginen du honakoan ere.