Gingko Europako proiektuaren emaitzak Berako Kultur Etxean aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 23a

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuko, Elkarrizan eta jubilotekako ordezkaritza ere izan zen Gingko proiektuaren emaitzen aurkezpenean.

Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko hiru urteko lankidetza egin dute espainiar, frantziar eta italiar estatuetako erakundeek eta aurkezpenean, Jubilotekako eta Elkarrizan elkartearen testigantza ere partekartu zuten

GINKGO Europako proiektuaren emaitzak aurkeztu zituzten ekainaren 19an Berako Kultur Etxean . Frantziar, italia reta Espainiar estatuetako erakundeen arteko hiru urteko lankidetzaren emaitza da proiektua, eta haren helburua izan da adineko pertsonen nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta arintzeko estrategia berritzaileak identifikatzea, aztertzea eta partekatzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) parte hartu du erakunde akademiko gisa, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatuz, eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak erakunde sozial gisa, landa eremuan garatutako esku-hartze komunitarioaren esperientzia eskainiz.

Jardunaldian 69 pertsona zeuden izena emanda, eta bertaratu ziren Nafarroako, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko hainbat toki-entitatetako gizarte zerbitzuetako profesionalak, NUPeko irakasleak, Elkarrizan elkarteko boluntarioak, Jubilotekako parte-hartzaileak eta Bortzirietako zein Irungo herritarrak. Saioa dinamikoa, parte-hartzailea eta emankorra izan zen, unibertsitatearen, profesionalen, boluntarioen eta herritarren arteko topagune bihurtuz.

Jardunaldian, hiru urteko ibilbidea, Europako bazkideak eta lortutako emaitza nagusiak aurkeztu ziren: Europako hainbat herrialdetan garatutako 31 esperientzia inspiratzaile biltzen dituen Gida Praktikoa eta esperientzia horiek beste lurralde batzuetara egokitzen laguntzeko bi tresna metodologiko.

 

Bordeleko esperientzia

Aurkeztutako esperientzien artean, Bordelen garatutakoa nabarmendu zen. Bertan, kulturarako sarbidea giza eskubidetzat jotzen da, eta ikuspegi horretatik abiatuta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko jarduerak antolatzen dira, hala nola museoetara bisitak edo kultur ekitaldietara irteerak. Jardunaldian hausnartu zen ikuspegi hori landa eremura ere egokitu daitekeela, arte-lanak elkarrekin aztertuz, artistei buruzko biografiak landuz edo musikaren inguruko jarduerak sustatuz.

Era berean, osasunaren eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioarekin eta preskripzio sozialarekin lotutako esperientziak aurkeztu ziren. Eredu hori dagoeneko Erresuma Batuan, Herbehereetan, Danimarkan eta Suitzan garatzen ari da, eta osasun profesionalek jarduera sozialak, kulturalak edo boluntariotzakoak gomendatzeko aukera ematen du. Bizi historiekin, belaunaldien arteko harremanekin, boluntariotzarekin eta sare komunitarioen indartzearekin lotutako esperientziak ere ezagutarazi ziren.

 

Jubiloteka eta Elkarrizan

Jardunaldiak aukera eman zuen Bortzirietako estrategia komunitarioaren bi zutabe nagusiak balioan jartzeko: Jubiloteka eta Elkarrizan. Bi ekimenek parte-hartzea, zahartze aktiboa, laguntza eta komunitate barruko harreman esanguratsuak sustatzen dituzte, bakardade egoerak prebenitzen lagunduz.

Bertaratutakoek Fermina Satrustegi eta Javier Biurrarena Jubilotekako partaideen eta Belen Arribillaga Elkarrizaneko boluntarioaren testigantzak entzuteko aukera izan zuten. Hiru pertsonek eskertu zuten Gida Praktikoaren ebaluazio prozesuan parte hartu ahal izana eta etorkizunean adinekoekin garatuko diren jardueren inguruan iritzia eman eta erabakietan parte hartzeko aukera izatea.

Parte-hartzaileek azpimarratu zuten esperientzia guztiak ez direla zuzenean kopiagarriak, baina askok inspirazio iturri izan daitezkeela eta tokian tokiko errealitateetara egokitu daitezkeela. Jardunaldia ideia batekin amaitu zen: nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko ez dela nahikoa zerbitzu gehiago sortzea; beharrezkoa dela parte hartzeko aukerak zabaltzea, harremanak indartzea eta elkar zaintzeko gai diren komunitateak eraikitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun