Getxotik partitu zen pasa den ortzegunean, ekinaren 18an, Transpirenaika Sozial eta Solidarioa. Beroak ez zituen gelditu eta egunez egun, etapaz etapa ibili ondotik larunbatean Berara ailegatu zen. Hala, edizioroko martxaz; melodia, hitz eta jardunaldi artean ongi etorria egin zien herriak ibiltariei.
Ibilaldiak gure lurraldean gizarteratzeko arazoak eduki ditzaketenei laguntza ematea zein herriak sentsibilizatzea ditu helburu. Etorkizunean jartzen dute begirada eta horretarako ibiltzeari ekiten diote, lehen pausuak ematen dituzte horrela. Aurten, bereziki, iritzia ematen ikasteko gogoetaren baitan murgildu dira iritzia emateko urratsak zein diren ongi markatuta: «Ondokoa aditu, pentsatu eta iritzia osatu».
Aurten, bereziki, iritzia ematen ikasteko gogoetaren baitan murgildu dira iritzia emateko urratsak zein diren ongi markatuta: «Ondokoa aditu, pentsatu eta iritzia osatu»
Larunbatekoa «urteroko ohitura» bilakatua dela aipatu du Aitor Elexpuru Berako alkateak, aurtengoa ere «ongi» iragan dela iritzita. Gainera, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna zuten larunbatekoa eta hori ardatz hartuta borobildu zuten ekimena. 12:00ak aldera egin zieten lehen harrera Endarlatsan eta horren segidan, 15:00etan joan ziren Alkaiagara. Behin Alkaiagan, Gorria etxearen aitzinean leitu zituen Berako herriak bere aldarriak. Ondotik, errefuxiatuei babesa adierazteko San Miguel zubian egin zuten geldialdia; hor egin zituzten giza katea eta lore eskaintza, eta hortik abiatu ziren Berako herrira txarangaren laguntzaz.
Berako Herriko Etxearen atarian hizkuntza diferenteetan agurrak aditzeko tartea izan zuten, eta hortik kultur etxera abiatu ziren, hor eman baitzieten afaria eta lo egiteko aterpea. Hurrengo goizean, iragarritako tenperatura altuei aurre eginez eta zenbait beratarren laguntzaz, Baztan aldera partitu ziren. Lekarozen eta Elizondon egitekoak zituzten geldialdiak ondotik.