Ortzirale arratsaldean Berako Burga plazan egin zuten hitzordua, han hasten baita Bidasoa ibai bazterrean barna egokitu duten bidea. Inaugurazioaren seinale, hasteko zinta moztu zuten lanean aritu diren boluntarioek. Ondotik, bisita gidatua egin zuten bidean barna, eta anekdotak ere kontatu zituzten. Bertzeak bertze, Bidasoaren ikur diren izokinak gogoan, Juan Carlos Pikabeak egindako koadroa paratu dute bidean.
Miguel Bikuña eta Santi Maia izan dira proiektuaren buruak, eta bisita gidatuaren ondotik egindako ekitaldian, Berako Udalaren aldetik izan duten laguntza eskertu zuten, baita modu batera edo bertzera proiektuan laguntzen aritu direnena ere. Horrekin batera, Bikuñak berak proiektuarekin hasi zirenetik gaur egunera arte lanean aritu diren boluntario guzien abileziak eta izandako gorabeherak kontatu zituen.
«Garai batean, ibaiari bizkarra emanda bizi izan da herria, eta orain, ibilbide honekin adiskidetu eta ibaiaz disfrutatzea nahi dugu»
Aitor Elexpuru alkateak ere hartu zuen hitza, eta egindako lanarengatik eskerrak emateko probestu zuen. Honela gehitu zuen: «Garai batean, ibaiari bizkarra emanda bizi izan da herria, eta orain, ibilbide honekin adiskidetu eta ibaiaz disfrutatzea nahi dugu». Ondotik, oroigarrien txanda etorri zen. Alkateak bertso bana kantatu zien Miguel Bikuñari, Santi Maiari eta Juantxo Villanuevari. Lupe Mendigutxia zinegotziak, udalaren izenean, pirograbatua eman zien lehenbiziko biei, eta Villanuevak ere hartu zuen oroigarria, ibaiaren irudia duen argazki batean bertso idatzia duen koadroa.
Ekitaldia borobiltzeko, bertso pare bat kantatu zuten, eta ondotik, Bera Kantarik hartu zuen lekukoa. Maitagarria txaranga lagun, bertze kanta pare bat kantatu zituen. Azkenean, merienda egin zuten.
Burga plazatik industrialdeko zubirainoko tartea berreskuratu dute, 450 metroko zatia. Baina gehiago ere egin nahi dute. Hurrengo erronka industrialdeko zubitik Botxoraino doan bidea egokitzea dute, eta ortziralean aitzindu zutenez, horretarako baimenak eskatzen eta laguntza bilatzen hasiak dira.