Igerilekuen itxierari erantzuteko hainbat neurri zehaztu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 18a

BiziTropela egitasmoa, auto elektrikoa erabiltzeko aukera eta abonua hartzeko dirulaguntzak proposatu ditu.

Berako Udalak hilabete hasieran jakinarazi zuen aurtengo udan udal igerilekuak itxiak izanen direla: «Araudiak betetzeko ahaleginak egin ditugu eta 2025eko udara arte igerilekua irekita mantentzeko baimena lortu dugu, baina aurten ezinezkoa izan zaigu, azken momentura arte saiatu bagara ere. Izan ere, Nafarroako Gobernuak azken aste hauetan zehaztu ditu irizpideak, gure igerilekuak irekitzea eragotzi dutenak». Hala adierazi zuen Berako Udalak.

Gisa berean, igerilekuen itxierak «herritarrengan ahalik eta eragin ttikiena izatea bermatzeko» neurri batzuk iragarri zituen. Atzo arratsaldean eman zituen horien inguruko xehetasun gehiago.  

BiziTropela

Alde batetik, BiziTropela egitasmoa martxan paratuko du, hau da, bide berdean barna, Lesakako igerilekuetara joateko zerbitzua. «Modu formalean» antolatzeko asmoa du eta argitu duenez, «zerbitzu hau 11 eta 15 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua izanen da. Tropelak, aldi oro, bi monitoreen gainbegiratzea eta gida izanen ditu, ibilbide segurua eta atsegina bermatzeko».

Zerbitzua heldu den astean hasiko da: Ekainaren 22tik  abuztuaren 28ra izanen da martxan, astelehenetik ortziralera. Baina uztailaren 7an eta Berako bestetan ez da izanen. Ordutegiari dagokionez, 15:30ean abiatuko dira Xubixabaletik eta 19:30ean bueltatuko dira.

Zerbitzua debalde izanen da eta izena Toki Ona Kiroldegian eman behar da.

Auto elektrikoa

Karkarcar auto elektrikoa ere erabilgarri izanen dela erran du Berako Udalak, «mugikortasun jasangarria bermatzeko». Astegunez, goizez, aitzinetik izena emanda, 65 urtetik goitikoentzako garraio zerbitzua izanen da. Informazio gehiago eta izena eman nahi duenak Toki Ona Kiroldegira joan beharko du. Hori ere debalde izanen da.

Abonua hartzeko dirulaguntza

Bortzirietako herrietako igerilekuetan abonua ateratzea erabakitzen duten beratar guztiek dirulaguntza eskatu ahal izanen dute. Laguntza ekonomiko hori kategoriaren araberakoa izanen da eta 2025eko udal igerilekuko tarifak hartuko dituzte kontuan.

Informazio gehiago bildu nahi duenak edo izena eman nahi duenak Toki Ona Kiroldegira jo dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun