Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, estatu mailako araudia betez, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuak neurketak egin ditu hainbat kontsultategitan, eta Arantzakoan legeak ezarritakoa baino balio handiagoak harrapatu dituzte.
Zehazki lehentasunezkotzat jotzen dituzten kontsultategietan egin edo egitekoak dituzte radon gasaren neurketak; hala nola, Aranon, Arantzan, Beran, Etxalarren, Goizuetan, Igantzin, Iturenen, Lesakan, Luzaiden, Sunbillan, Urdazubin eta Zubietan. Kasu gehietan maiatzean egin zituzten neurketak, horretarako laborategi bat kontratatuta, eta Zubietan «istantean» eginen dutela adierazi du gobernuak, maiatzean obratan ari zirelako.
Gobernuak aste honetan hartu ditu neurketen emaitzak, eta horren arabera, Arantzakoan araudian ezarritakoaren gainetik neurtu dituzte. Gobernuak jakinarazi du neurketak egiten segituko dutela, «eta emaitza gehiago ailegatuko direla». Baina bitartean, «modu prebentiboan», ekainaren 19tik aitzinera Arantzako kontsultategiko arreta Igantzikora bideratuko dute, egunero 08:00etatik 15:20ra. Hori bai, «hala behar duten eriek arreta etxean hartzen segituko dute».