Historian protagonista ia bakarrak gizonak direla ikusita, emakumeek Berako historian zehar egin duten ekarpen soziala plazara atera eta herritarrei ezagutzera eman nahi die proiektu honen bidez, komunitatearen garapenerako izan duten ezinbertzeko papera azpimarratuz, eta gizarteak –instituzioek zein erakunde zibilek– aitortu ez dieten tokia emanez.
Emakumeen ekarpena, gehienetan, ez da hizki larriz idatzitako historia
Eguneroko bizitzan errotutako praktika sozialekin lotuta dago, neurri handi batean, emakumeek egindako ekarpena. Gehienetan, ez da hizki larriz idatzitako historia. Baina euren lanik gabe ezinezkoa litzateke gizarteak aitzinera egitea. Zaintza-lanak, elikadura-ohiturak eta sukaldaritza, sendabelarren ezagutza, komunitatearen antolaketa, kultura- eta hizkuntza-transmisioa (narrazioak, ipuinak, ahozkotasuna… barne), hezkuntza formala eta informala… ia osorik emakumeen eskuetan egon da. Eta modu ikusezinean gelditu zaigu. Eta bertze zenbait eremutan, bakarrik gizonen ekarpena hartu izan da kontuan (eta hori bakarrik kontatu), kulturan, kirolean edota emigrazioan, erraterako.
Proiektuak emakumeek egindako ekarpen soziala kultura immaterial gisa aitortu, dokumentatu eta zabaltzea proposatzen du, memoria kolektibo inklusibo bat sustatuz. Egitasmoak Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren Sustraiak deialdiaren finantzazioa lortu du, baita Berako Udalaren Kultura Batzordearena ere. Denetara 6.821 euroko dirulaguntza jasoko du bi erakundeetatik Mugerri Kultur Elkarteak.
Hala, Berako emakumeek hezkuntza arautuan, zaintza-lanetan, komertzioan, kulturan, kirolean edota erlijioan egindako ekarpena jasoko du, baina baita emigrazioan izandako papera edota jasandako errepresio-molde desberdinak ere bilduko dira, hala nola, sorginkeria-prozesuetan, gerretan, frankismoan edota Alemaniako kontzentrazio-esparruetan.
Urrira bitarte
Egitasmoa urrira bitarte gauzatuko da, eta molde desberdinetan gizarteratuko da lana, bertzeren artean, paperezko euskarrian, informazio-paneletan, mural edo collage baten bidez, antzeztutako bisita-gidatu baten bidez, edota eremu digitalean presentzia edukiz. Ekintzak herritar guztientzat eta eskola-umeentzat bideratuak egonen dira.
Mugerrik atzenduak gelditu diren emakume horien istorioak bildu nahi ditu, eta e-mailez mugerri@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu, hala nola, informazioa emanez, biografiak osatuz edo argazkien bidez.