96.000 bizilagun baino gehiago artatzen dituen ospitalearen inguruan kezka sakona dela adierazi du Ladis Satrustegi Lesakako alkateak eta EH Bilduk Osakidetza zaindu eta babestearen alde egiten duela erran du Maddalen Iriartek
Ladis Satrustegi aipatu zuenez, «gaur hemen bildu gara Bidasoa ESIan osasun arreta jasotzen duten herrietako EH Bilduko ordezkariok, kezka sakona adierazteko. Izan ere, urteak daramatzagu ohartarazten Bidasoa ESIaren egoerak okerrera egiten ari dela, eta gaur esan dezakegu argi eta garbi: Bidasoa ESIa desegite prozesu batean dagoela dirudi. Noiz eta indartzeko behar gorria dagoenean».
2022tik hona mobilizazioak egin dituztela, proposamenak aurkeztu dituztela eta erakunde guztietan egoera salatu dutela oroitarazi zuen Lesakako alkateak: «Azkena larunbat honetan bertan egin dute mobilizazioa ehunka herritarrek. Hala ere, eta gaur gaurkoz, herritarrei egindako promesak bete gabe geratu dira eta, bitartean, osasun zerbitzuak murrizten jarraitzen dute».
96.000 herritar baino gehiagori zerbitzua
96.000 herritar baino gehiagori zerbitzua ematen dien eta mugako errealitate berezia duen ospitale batez ari garela aipatu zuen Satrustegik eta «horrek arreta eta baliabide gehiago eskatzen ditu, ez gutxiago. Baina kontrakoa gertatzen ari da: pediatriako larrialdiak galdu dira, lehen mailako arretan gabeziak daude, larrialdi zerbitzuak profesional faltarekin ari dira lanean, osasun mentaleko baliabideak ez dira iristen eta hainbat espezialitatetan itxaron-zerrendak onartezinak dira».
Egoera hau ez dela kasualitatea ere aipatu zuen, «planifikazio faltaren, inprobisazioaren eta gidaritza ezaren ondorio zuzena da. Horren ondorioak herritarrek eta profesionalek pairatzen dituzte egunero».
Horregatik, Bidasoa ESIko zuzendaritzari bilera bat eskatuko diote, «premiazkoa baita profesionalekin batera etorkizuneko antolakuntza planifikatzea eta osasun zerbitzuen galera geldiaraztea».
Era berean, Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari eskatzen diete «euren erantzukizuna bere gain har dezatela eta behingoz Bidasoa ESIaren gainbehera iraultzeko neurri ausartak har ditzatela: profesionalak erakartzeko politika eraginkorrak, lan baldintza duinak eta herritarrek merezi duten kalitatezko osasun publikoa bermatzeko baliabide nahikoak. Bidasoaldeak ezin du gehiago itxaron. Osasun publikoa defendatzea eta indartzea dagokigu. Guk horretan jarraituko dugu».
Osakidetza zaindu eta babestearen alde
Maddalen Iriartek aipatu zuenez, »osasun sistema publikoak gizarte moderno eta aurreratuen funtsezko zutabeak dira. Lorpen handia da, eta ezin dugu galtzen utzi, akats larria izanen litzatekeelako, eta ezingo geniokeelako gure buruari barkatu. Are gehiago, gerrak eta horren ondoriozko krisi ekonomiko eta sozialak administrazioak zerbitzu publikoak hobetzera behartzen dituen egoera batean. Eta zerbitzu horien noraezak kezkatzen gaitu, bereziki Osakidetzarenak. Adibide ona da Bidasoko Ospitalean egiten ari diren murrizketak».
Baina, zoritxarrez, Bidasokoa ez dela adibide bakarra ere gogoratu zuen Iriartek, «EH Bildutik urteak daramatzagu salatzen nola ari diren Osakidetza ahultzen, nola ari diren erortzen uzten hainbeste jenderi eta osasun arloko profesionalei hainbeste ahalegin eskatu diena. Erreakzioa agindu ziguten, baina herritarrek ez dute horrelakorik hautematen, nahiz eta marketin-kanpaina egiten ari diren».
Itxarote-zerrendak, murriztu beharrean, handitu egiten dira. «Orain sinetsarazi nahi digute errua Espainiako Gobernuarena eta haren Osasun ministroarena dela; baina Osakidetzaren kasuan, erantzukizunak hemen daude, eskumenak eta tresnak dituelako irtenbideak bilatzeko. Baina errazagoa da, beti, besteen erantzukizunak bilatzea, norberarenak bere gain hartu gabe», salatu zuen Iriartek. «Iazko urtea ixterako, zerrendak handitzen ari ziren jada. 2025eko bigarren erdian egoerak okerrera egin zuela zioen abenduaren 31ko txostenak. Beraz, itxarote zerrendaren igoera hori greba deialdia egin aurretik ere gertatzen ari zen».
Beraz, EH Bilduren ustez, «arduragabea eta onartezina da ulertaraztea Osakidetzaren egungo egoera greba honen ondorio dela, kasu askotan Eusko Jaurlaritzak jada badituelako eskumen horiek lanaldiei, guardiei, lan-baldintzei eta abarri dagokienez. Izan ere, medikuei proposamen bat egin die aurreko egunetan, eta hauek erantzun dute ez-nahikoa dela. Eta, aldi berean, ezin dugu ahaztu hitzarmena berritu gabe dagoela hemen 2008tik».
Maddalen Iriarteren hitzetan, ««EH Bildutik Osakidetza zaindu eta babestearen alde egiten dugu, bertako profesionalak zaindu eta babestearen alde. Osakidetza indartu eta ez ahultzearen aldeko apustua egin. Zerbitzuak zabaltzearen eta hobetzearen alde egiten dugu, murrizketa oro alboratuta. Horretarako borondate politikoa izan behar da, ez interes pribatuetara makurtu. Eta, batez ere, erantzukizunak hartzea, inoren esku utzi gabe».