Aurten ez da puntu morerik izanen bestetan eta, horren ordez, arreta eta prebentzioa urteko 365 egunetara zabaltzeko apustua eginen dute
Izan ere, 2026tik aitzinera bestetako udal puntu moreak plazetatik kendu eta prebentzio zein arreta profesionala urte guziari egokitzea erabaki dute. Momentu honetan, eskualdeko diagnostikoan identifikatutako emaitzetatik abiatuta, zerbitzu guziak (osasuna, poliziak, gizarte zerbitzuak...) hobeki koordinatzeko protokolo berri bat lantzen ari dira. Alabaina, erakundeen lana ez da nahikoa; indarkeria matxistari sustraitik heltzeko gizarte osoaren inplikazioa eta ardura kolektiboa gorpuztea ezinbertzekoa da.
Norabide horretan kokatzen da Indarkeria matxistarik gabeko herriak ehuntzen egitasmoa. Saio honen helburua ez da soilik bestetan gertatzen diren erasoen aitzinean nola jokatu ikastea, baizik eta herriko eragileak sentsibilizatzea eta bakoitzak bere eremutik (ostatu, elkarte, kirol talde...) indarkeria matxistari aurre egiteko ikuspegi integral eta komunitarioak lantzen hastea da.
Ekainaren 17ko saioa bide luze baten bertze urrats bat da, behin koordinazio protokoloa borobilduta, eragile guziekin prebentzio bideak lantzen segituko baitute.
Saioren edukiei dagokienez, indarkeria matxistaren kontzeptuak argitu eta lotutako mitoak deseraiki; Detekzioa eta arreta: Eraso egoerak identifikatzeko pautak, lehen laguntza eta herriko baliabideen azalpena eta bestetako prebentzioa: Bestetako arduren aurrean prebentziorako eta bidelaguntzarako urratsak zehaztuko dituzte.
Guzion artean ehun indartsu bat osatzea da helburua, inor bidean bakarrik geldi ez dadin eta urteko egun guzietan eraso gabeko gune askeak sortzea.