Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa larunbat honetan Arantzan izanen da

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 11

Euskal Herriko Eskolartekoan, joan den urtean aritu ziren finalistak. Tartean dira, Unax Aizpurua, Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga.

Hamahiru bertsolari ariko dira oholtza gainean, eta tartean, hiru eskualdeko: Kattalin Lizarraga Mendia leitzarra, Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra eta Unax Aizpurua Ibargarai. 

Aitzineko bi urteen bezala, Arantzan eginen dute Euskal Herriko Eskolartekoa. Aurtengoa XXXVIII. edizioa izanen da eta larunbat honetan, ekainaren 13an eginen dute.

Herrialdez herrialde final guztiak jokatuta, hauek izanen dira larunbatean Arantzan kantatuko duten hamahiru bertsolariak: Arabatik Maia Ortiz de Zarate Idiakez eta June Astegieta Unzaga; Baxenabarretik Nahia Etxeberri Lopepe eta Gana Berhokoirigoin Zubeldia; Bizkaitik Iradi Barrenetxea Akesolo eta Jon Abasolo Sarralde; Gipuzkoatik Adei Urbitarte Aiestaran eta Kattalin Arabolaza Palomo; Lapurditik Unax Aizpurua Ibargarai saratarra eta Johane Larre Salaberri; Nafarroatik Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra eta Kattalin Lizarraga Mendia leitzarra; eta Zuberoatik Leina Alkhat Larrandaburu.

Aurkezle lanetan bertze bi eskualdeko ariko dira: Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra eta Eki Mateorena Zozaia leitzarra. 

11:30ean hasiko da finala. Bertsolariek ariketaz ariketako lanak egin ondotik, sari banaketa ekitaldia eginen dute, eta sariak ere zozketatuko dituzte. Bukatzean, mokadua eskainiko dute hurbildutako guzientzat. Saiorako sarrera librea eta debaldekoa izanen da. 

Sintonia berria

Aurtengo edizioak badu bertze berrikuntza bat: sintonia. Neguan paratu zuten martxan Eskolarteko sintonia lehiaketa, eta Ekain Alegrerena izan da aukeratutakoa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun