Bestak 2026

Auzolanari aitortza eginez, Luis Mari Olaetxeak emanen die hasiera 2026ko Lesakako sanferminei

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 11

Luis Mari Olaetxea, Legarraldeko errekan egindako egurrezko zubiaren ondoan.

2026ko Lesakako Sanfermin bestei hasiera emanen dien lehen suziria aireratzeaz Luis Mari Olaetxea Altzugarai arduratuko da. Luis Mari 1958ko martxoaren 27an jaio zen Lesakan eta bertan bizi da gaur egun ere, Nabaz auzoan. Auzolanean egin duen lana eskertu eta auzolana bera aitortu nahi ditu Lesakako Besta Batzordeak.

Lesakako Udalaren oharrak dioenez, «auzolana gure herriaren altxorrik ederrenetarikoa da, elkartasunaren eta elkarlanaren bidez komunitatea saretzen duen indarra. Banakako interesen gainetik, guztion ongizatea lortzeko indarrak batzearen garrantzia oroitarazten digu tradizio zahar honek. Auzolanean, esku bakoitzak du balioa eta ahots bakoitzak pisua; elkarrekin egoera zailenei aurre egiteko eta herri biziago bat eraikitzeko gai garela erakusten digun eredua da, iraganean egin bezala, gaur egun eta etorkizunera begira».

Eta horretan jardun da Luis Mari Olaetxea buru-belarri azken urte hauetan. Horren ondorio dira berreskuratutako hainbat bide, hala nola, Koskontako bidea, Nabazetik Bordaberrirako bidea, Maurreneko bordatik Otsangoko errekarako bidea, Ponpollegiko bidea, Difuntuen bidea… Bereziki aipagarriak dira azkeneko bi hauetan eraikitako egurrezko zubiak, bai eta Berrotarango errekan eraikitakoak. Bideak berreskuratzeaz gain, bertze hainbat lan burutu ditu: ubideak garbitu, eroritako zuhaitz eta adarrak moztu…

Luis Mari Olaetxeak berak ongi oroitarazi duen bezala, bereak ez dira auzolanean aritu diren esku bakarrak izan. Horregatik bereziki aipatu nahi ditu Paxkual Taberna, Joxe Barbero, Danieltzo eta Patxi Errandonearen izenak, egindako lanetan bidelagun izan dituenak.

Lesakako Besta Batzordeak bere aitortza eta eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie auzolanean aritzen diren herritar guztiei, «Luis Marik botako duen txupinazoan ordezkatuta sentituko diren itxaropenez».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun