Bi ibilbide paratu ditu Beti Gaztek aukeran, 23 kilometro luzekoa 1.092 metroko desnibelarekin eta 28 kilometro luzekoa, 1.329 metroko desnibelarekin
Aurreko edizioetan bezala, bi ibilbide izanen dira aukeran: 23 kilometroko motza, 1.092 metroko malda positiboarekin; eta 28 kilometroko luzea, 1.329 metroko desnibelarekin. Ibilbide zirkularrak dira biak, Lesakako plazatik abiatuko direnak. Motzak Gurutzetako lepoa, Elutsa eta Itsaszelaita igoko ditu. Luzeak berriz, Gurutzetako lepoa eta Elutsaren artean, Aritxulegi ere igaroko du. Mendi kasko guztietan eginen da parte hartzaileen denboraren kontrola, baita irteera eta helmugan ere. Horrez gain, Gurutzetako lepoan, Aritxulegin, Elutsan, Itsaszelaitan eta helmugan anoa-guneak egonen dira jarriak, jan eta edatekoarekin, eta anbulantzia zerbitzua, Lesakan (irteera eta helmugan), Aritxulegin eta Elutsan kokatuko da.
Izen-emateak irekiak daude www.inscripciones.nafarmendi.org atarian, ekainaren 12ko, ortziraleko 22:00ak arte egin daitezke. Egunean bertan ere izena eman daiteke, Beheko Plazan, 06:30etik 07:30era. Izen ematearen prezioa, 17 eurokoa izanen da publiko orokorrarentzat eta 15 eurokoa, mendi federatuentzat. Beti Gazteko bazkideek 4 euroko deskontua izanen dute. Martxa berriz, 07:00etatik 07:30ak artean hasiko da. Ibilbideari, ordutegiei eta araudiari buruzko informazio guztia Beti Gazteren webgune ofizialean kontsultatu ahal izanen da.
Beti Gaztek kirolzale guztiak animatu nahi ditu «mendi itzuliaren besta honetan parte hartzera, ingurune pribilegiatu batean kirolaz gozatu ahal izateko. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu aurten ere ibilaldi hau egitea ahalbidetzen duten babesle, laguntzaile eta boluntario guztiei. Haien konpromisoa eta ahaleginak funtsezkoak dira hazten jarraitzeko eta kalitatezko proba bat eskaintzeko».