Altzatetarren Dorrearen Akademia elkarte berria sortu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 8a

Fernando Mikelarena historialari beratarra da Altzatetarren Dorrearen Akademiako burua.

Duela gutti kultur elkarte berri bat sortu da Beran. Altzatetarren Dorrearen Akademia /Academia de la Torre de los Alzate du izena. Elkartea legeztatuta eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta dago. Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularra den Fernando Mikelarena buru dela, askotariko gaiei buruzko dibulgazio jarduerak egitea du helburu: historikoak, memoria historikoari buruzkoak, literarioak, soziologikoak eta antropologikoak. Bereziki, Nafarroako iparraldearekin eta Bidasoarekin zerikusia dutenak, baina baita Nafarroako bertze eremu batzuekin ere.

Fernando Mikelarena historialaria buru dela, udan memoria ibilaldiak eta gerra zibila Bidasoaldean gaiaren inguruko ikastaroak antolatuko dituzte, bertzeak bertze

Jarduerak hitzaldiak izanen dira, bai aurrez aurrekoak, bai telematika bidezkoak, eta ibilbide historiko eta literarioak, kasu guztietan doakoak.

Uda honetan bertan eginen dira Alttzatetarren Dorrearen Akademiak antolatutako lehen jarduerak. Alde batetik, Fernando Mikelarenak memoria ibilaldiak antolatuko ditu Beran uztailean eta abuztuan bere hurrengo eleberriaren eszenatokietan barna. Al rescate de Baroja! izenburupean, gerra zibilaren lehen egunetan Beran izandako gertakariak kontatuko dituzte bertan. Bertzalde, Fernando Mikelarenak Bidasoaldeko gerra zibilari buruzko udako ikastaro bat emanen du irailean, 90. urteurrena gogoratzeko bideokonferentzia formatuko hainbat hitzaldirekin.

Elkartearen emaileko helbidea academiadelatorredelosalzate@gmail.com da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun