Igandean izan zen egun nagusia. Ia 50 artisau postu izan ziren ikusgai frontoia, plaza eta karrikan. Horrez gain, baserriko tresna zaharren erakusketa Iriondoan, eskulan ikastaroko lanak eskola zaharretan, trikitilariak eta herriko ardi moztaile zahar eta gazteen eskutik ardi mozte erakustaldia. Altxataren 35.urteurrenaren ospakizunean egoki, Nafarroa kantu taldea arduratu zen herri ingurua kantuz alaitzeaz. Eguerdian egin zen XXXIII. Altxata Gasna Lehiaketako sari banaketa. Hamahiru gasna aurkeztu zituzten lehiaketara eta honela geratu zen sailkapen nagusia: Irabazlea Azpilkuetako Jesus Zelaietaren gasna izan da (oroigarria eta 150 euroko saria); bigarren postuan Pello Pegneguyk eskuratu du (oroigarria eta 120 euroko saria) eta hirugarren postuan Julen Arburuak (oroigarria eta 90 euro). Herriko gasnagileak ere saritzen ditu Altxatak lehiaketa honetan eta Landaburuko Joseba Danborienak eraman zuen lehen saria (oroigarria eta 70 euro) eta Antsoneko bordara joan zen bigarrena (oroigarria eta 50 euro).
Gasna erdien zozketarako zenbakiak ere atera ziren baina oraindik 3 gasna erdiren saridunak ez dira agertu: 6596, 6526 eta 6922. Zenbaki hori duena harremanean jar dadila Altxata elkartearekin, 688 73 04 38 telefono zenbakian edo altxata@gmail.com helbide elektronikoan.
Argazkiak: Irune Elizagoien