Lesakako VII. Zubigaineko Krosa eginen dute ekainaren 27an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 5a

Joan den urteko kroseko gizonezkoen podiuma.

Hamasei urtetik goitikoek dagoeneko izena eman dezakete herriko hamabi zubi igarotzen dituen Beti Gaztek antolatutako ibilbidean eta Bortzirietako Lasterketa Herrikoien III Koparako baliagarria izanen da

Ekainaren 27an, larunbatean 11:00etan hasiko da Lesakan Beti Gazte elkarteak antolatutako Zubigaineko kros herrikoiaren zazpigarren edizioa. Bortzirietako Lasterketa Herrikoien III. Koparako baliagarria izanen da.

Ohi bezala, hamabi zubi zeharkatuko dituen lasterketa Lesakako Herriko Etxearen paretik abiatuko da eta bidean Arretxeko zubia, Koskillako zubia, Moxoren zubia, Periko zubia, Eskol Ttikiko zubia, Itturrunzubi, Antepasetako zubia, Espia zubia, Sumusa, Ekaitzako zubia, Bordieneko zubia eta Pintxeren zubia zeharkatuko ditu. Zarandian izanen du helmuga.

6 kilometroko proba nagusian parte hartu behar duten 16 urtetik goitikoek dagoeneko izena eman dezakete kronoak.com webgunean edo ondoan ageri den QR kodean sartuta. Gainontzekoek egunean bertan 10:00etatik aitzinera, Arretxeako Plazan. Ttikietatik infantiletara bitartekoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek bortz euro. 

Maila nagusiko eta jubenil (2007-2009) mailako korrikalariek 6.000 metroko ibilbidea izanen dute, juniorrek (2010-2013) 3.000 metrokoa, alebinek (2014-2015) 900 metrokoa, benjaminek (2016-2017) 450 metrokoa, aurrebenjaminek (2018-2020) 300 metrokoa eta ttikiek (2021tik honat jaiotakoak) 200 metrokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun