Elias Garralda XIII. Pintura Lehiaketa eta X. Argazki Rallya izanen dituzte igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 5a

Lesakako herrigunea izanen dute margotzeko gaia igandean, Elias Garralda XIII. margo lehiaketan.

Lesakako Beti Gazte elkartearen Astea ospatzen ari dira aste osoan eta, egitaraua borobiltzeko, Elias Garralda XIII. pintura lehiaketa eta X. Argazki Rallya izanen dituzte igande goizean. Aitzinetik, ortzirale arratsaldean, 17:00etatik 18:30era herri kirolak ezagutzeko aukera izanen da plazan, Beti Gazte sokatira taldearen eskutik eta ondotik, Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketetako sari banaketak. Azkenik, Lerro Dantza Taldearen emanaldia izanen da 19:00etan. Larunbatean Beti Gazte Eguna ospatuko dute, hainbat ekitaldirekin.

Igandean margo lehiaketa eta argazki rallya

Ekainaren 7an, Elias Garralda XIII. Pintura Lehiaketa hasiko da, igandean, 08:30ean, Beti Gaztek antolatua, Gurekin Zerbitzu Elkartearen eta Lesakako Udalaren laguntzarekin. Ordu horretatik 10:00etara eman daiteke elkartearen egoitzan. Haur Margolarien Eguna ere ospatuko dute. Sari banaketa, berriz, 17:30ean eginen dute Alondegian. Lehenbiziko saria 800 eurokoa izanen da, bigarrena 450 eurokoa eta herriko margolari baten lan onenak 250 euro izanen ditu.  X. Argazki Rallyrako izen-ematea, berriz, 09:00etatik 10:00etara egin daiteke. 16 urtetik goitikoek zortzi euro ordaindu beharko dute, gazteagoek dohain. Orduan jakinaraziko dituzte aurtengo bortz gaiak. Rallyaren akaberan, 13:00etatik 14:00etara, deskargatu beharko dituzte Beti Gazte elkartean. Ondotik, lehiakide bakoitzak, gai bakoitzeko argazki bat aukeratuko du eta argazkilaritza@betigazte.net helbidera bidali beharko ditu, ekainaren 14ra bitarte. Sariei dagokienez, gai bakoitzeko irabazleak 100 euro eta diploma hartuko ditu, baita Beti Gazteko bazkide baten lan hoberenak ere. 150 euroko sari berezia izanen du bilduma hoberena aurkezten duenak. 

 

Beti Gazte Eguna larunbatean

Aitzinetik, ekainaren 6an, Beti Gazte Eguna ospatuko dute. Ohi bezala, larunbat goizean, 08:00etan mendi irteera eginen dute, 11:00etan futbol torneo berezia eginen dute, gaur egungo jokalarien eta jokalari ohien artean, bai emakumeak, baita gizonezkoak ere. Gero, poteoa eta 14:30ean bazkaria Alondegian (euria eginen balu frontoian). Bazkaldondoan sariak banatuko dituzte, bingoa eta haurrentzat puzgarriak. Ilunabarrean Burrunba elektrotxaranga ibiliko da karrikaz karrika.

 

Sokatira ezagutzeko aukera, lehiaketetako sari banaketa eta lerro dantza ortziralean

Aitzinetik, ekainaren 5ean, ortzirale arratsaldean, 17:00etatik 18:30era herri kirolak ezagutzeko aukera izanen da plazan, Beti Gazte sokatira taldearen eskutik eta ondotik, Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketetako sari banaketak. Azkenik, Lerro Dantza Taldearen emanaldia izanen da 19:00etan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun