Nafarroako VI. Disko Golf Irekia ekainaren 5etik 7ra jokatuko dute Igantziko Irrisarrin

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 3a

Baxi Basajaunako Iñaki Gonzalez izanen da bere kategoriako txapeldun izateko faboritoa. Irailean munduko txapelketan izanen da Lituanian, Elixabete Lorenzo taldekidearekin batera.

60 bat kirolari espero dituzte asteburuan Igantzin

Nafarroako VI. Disko Golf Irekia ekainaren 5etik 7ra jokatuko dute Igantziko Irrisarri Landeko zelaian, Baxi Basajauna elkarteak antolatua eta AEDGk antolatutako Espainiako Koparako baliagarria. Txapelketa honetako bortz probetatik laugarrena izanen da Igantzikoa. 60 bat kirolari espero dituzte asteburuan Igantzin, tartean etxeko Baxi Basajauna taldekoak, eta Euskal Herriko jokalariez gain, Espainia, Frantzia eta Portugalekoak ere etorriko dira. Zortzi kategoriatan lehiatuko dira.

Egitaraua

Ortziralean, zelaia hobe ezagutzeko eta pixkanaka berotzen hasteko Bikote Txapelketa jokatuko dute. 18:30ean jokalari guztien bilera eginen dute eta zelaia saskiz saski aztertuko dute. Larunbatean 08:30ean jokalariak tanteo txartelak hartu eta saskietan banatzen joanen dira bakoitza bere taldearekin txanda 09:00etan hasteko. Lehenengo buelta akituta, txartelak berriz ere itzuli eta bigarren txandarako taldeak eginen dituzte orain bai kategoriaka eta emaitzen arabera. 15:00etan hasiko da bigarren txanda. Igandean, programa berdina izanen dute goizean eta 13:00etan sailkapen taula eginen da. 13:30ean, Jolastokiko terrazan sarien banaketa girotua eginen dute

 

Etorkizun polita

Aipatzekoa da Baxi Basajaunako Elixabete Lorenzo eta Iñaki Gonzalez irailean Lituanian jokatuko den munduko txapelketan ariko direla. 2027ko Espainiako txapelketa Irrisarrin jokatuko dute, urriaren 9tik 12ra, Baxi Basajauna Elkarteak antolatua. Hain zuzen, Baxi Basajauna Elkartetik jakinarazi dutenez, «udaletxeei, kirol elkarteei, ikastetxeei,… disko golfari buruz edozein gauza kontatzeko prest gaude».

Azken urteetan mundu mailan gehien hazi den kirola omen da Disko Golfa eta nabari da gero eta gehiago direla eta jokalarien kalitatea ere areagotzen ari dela: «Nafarroan 18 saskiko Irrisarriko zelaia dugu, 9 saskiko Lekunberri eta Nafarroako Unibertsitatekoak, eta 3 saskiko 4 zelai ditugu (Artaxona, Bera, Doneztebe eta Lesaka)».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun