Apiril hondarrean, Eztegara pilotalekuko teilatuan eraiki asmo duen bigarren instalazio fotovoltaikoan parte hartzeko aukera zabaldu zuen BixtuBera Berako energia komunitateak. Horren harira, «konpromisoa agertu duten jende kopuru polita» bildu dela adierazi du, baina «proiektuak sendotasun handiagoa izateko» epea ekainaren 28ra arte luzatzea erabaki du . Instalazioan parte hartzeko interesa dutenek BixtuBerarekin harremanetan jarri behar dute info@bixtubera.eus helbidera idatzita.
Instalazio fotovoltaikoan parte hartzeko, herritarrak (norbanakoak, merkatariak, enpresak…) inbertsio bat egin behar (400 bat eurotik hasita), norberaren kontsumo ohituren eta potentziaren arabera kalkulatzen dena, eta kontsumituko duen energiaren zati bat instalazioko eguzki plakek sortutakoa izanen da. BixtuBerak oroitarazi duenez, «horrek aurrezpen zuzena eragiten du hileroko fakturan, eta trantsizio energetikoan aitzinera egiten laguntzen du, % 100 berriztagarria den energia sortzen laguntzen duelako, deskarbonizazioan sakonduz, eta bide batez, tokiko soluzioak ematen ditu, dependentzia energetikoa gutituz eta enpresa energetiko handiekiko mendekotasun txikiagoa lortuz».
Bertze aldetik, urteko Ohiko Batzar Orokorrerako dataren berri eman du BixtuBerak. Ekainaren 10ean, asteazkenarekin, 19:00etan izanen da. Beralandetan bilduko dira eta 2025eko ekintzen memoria, kontuak eta balantzea balantzea onartzeaz gainera, bertzeak bertze, 2026ko kudeaketa plana eta aurrekontua onartuko ditu. Bixtuberak 85 bazkide ditu gaur egun, eta horien artean, herritarrak, merkatariak, ikastetxeak eta udala daude. Bazkideei batzar orokorrean parte hartzeko deia egin die.