Txaranga, euskal dantzak eta dantza latinoein tailerra Barbaro lesakarrarekin, munduko jolasak eta ekitaldia ere egin zen. 11:00etan hasi ziren jolasekin eta ikastolako eta eskolako LH5 eta LH6ko ikasleek idatzitako mezuekin pankarta osatu genuen, kioskoan paratu genuena. Ordurako jendea hurbiltzen hasi zen Elutsa txarangaren doinuen laguntzarekin.Bertan, adierazpena irakurri zuten, Lesakako Nacho eta Agustina Machadok (euskaraz), eta Berako Michelle Osoriok eta Lesakako Monica Ruizek gaztelaniaz.
Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldearen adierazpena
Duela 20 urte, Uruguaitik etortzerakoan, ez genuen pentsatu izanen hemen egonen ginela Bortzirietako aniztasuna eta elkarbizitza ospatzen, baita aldarrikatzen ere.
Bortzirietara kanpotik etorri den orok badu bere historia. Hizkuntza bat ikastea eta leku berri batean tokia aurkitzea erronka bat da.
Batez ere herri txiki batean, non ezezaguna denak erresistentzia sor dezakeen, eta kanpotarra zarela behin eta berriz gogorarazten dizutenean. Integratzen zarenean ere, galdera bat agertzen da: nongoa zara? Jatorrizko herritik urrun eta hemen oraindik ez zara erabat bertakoa. Bi munduren artean zaude. Batzuetan bietakoa, batzuetan inongoa. Baina inguruak laguntzen badu, bidea errazagoa da.
Horregatik, Bortzirietara bizitzera heldu diren herritarrentzat harrera duina eta aukera berdintasuna nahi ditugu. Tresna gehiago behar ditugu etorri berriei harrera egiteko zein inklusiorako. Herritar guztientzako eskubide guztiak bermatuko dituen marko bat eskatzen dugu.
Horrekin batera, arrazakeriaren aurkako jarrera irmoa adierazi nahi dugu. Arrazakeria ez da gertaera isolatu bat. Egiturazko arazo bat da, elkarbizitza kaltetu, eskubideak mugatu eta diskriminazioa eragiten dituena.
Bortzirietako tokiko entitate, eragile eta herritarrei dei egin nahi diegu konpromisoa har dezaten bizikidetza bultzatu, aurreiritziak zalantzan paratu eta elkarrekiko errespetua sustatzeko. Pertsona guziek gizarte bizitzan parte hartzeko baldintza errealak sorrarazi behar ditugu, abiapuntu desberdinak daudela kontuan hartuta.
Euskara topagunerako tresnatzat dugu eta elkarbizitzaren erdigunean paratu nahi dugu. Euskara guzion eskura.
Bereizkeriaren aurkako borroka zeregin kolektiboa da, konpromisoa, hausnarketa eta eguneroko ekintza eskatzen dituena. Bortziritarrak gara, aranaztarrak, beratarrak, etxalartarrak, igantziarrak eta lesakarrak. Gora hizkuntza eta kultura aniztasuna eta gora euskara!
Janari dastaketa eta ongi etorri mezuak
Janari dastaketa ere izan zen eta Euskal Herriko, Galiziako, Nikaraguako, Kolonbiako, Brasileko, Alemaniako, Argentinako, Venezuelako , Kataluniako eta Ekuadorreko jakiak eta edariak dastatzeko aukera izan zen plazan (takoak eta buñueloak, arepak eta limonada, Butterkuchen (postrea), Caipirinha, txokolatezko torta, fideuá, olagarroa cacheloekin, Coxinha eta Caipirinha, enpanadak eta salpikoia, eskalibada eta pa amb tomata, patata betea eta aguapanela, saltxitxak eta gazta tarta, haragi enpanadak eta ajoarrieroa), baita Roa do leo Brasilgo musika taldearen emanaldia ere.
Goiz osoan aurkezle lanetan Paola Oskoz lesakarra izan zen, eta hagitz ongi josi zuen ekitaldien haria. Horrela eta giro politean akabatu zen aniztasun eguna, «betea-betea eta zapore ona utzi ziguna. Elkar ezagutu, ongi pasatu, komunitatea egin eta aldarrikatu genuen igandean Lesakan. Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldeak hagitz balorazio baikorra egiten du aniztasun egunak eta eskerrak eman nahi dizkie euren laguntza eman ziguten eta parte hartu zuten herritar guztiei. Orain balorazio bilera eginen dugu eta udatik aitzinera atsedena hartuko dugu».
'Hain gertu eta hain urrun' erakusketa Tantirumairu ikastolan
Aniztasunarekin lotutako ekitaldiak bukatzeko, ekainaren 1etik 5era Hain gertu eta hain urrun erakusketa ikusgai dago Lesakako Tantirumairu Ikastolako Intxaurrenean, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 10:00etara eta 15;30etik 18:00etara.