Igerileku berrien proiektua garatzen ari da udala, baina uda honetan bortz herrietako bertze igerilekuetara joateko ekimenak sustatuko ditu
Azken urteetan, Nafarroako Gobernuko 2018ko Foru Dekretuak eta ondorengo urteetako araudi garapenek zehaztu dituzte igerilekuetako osasun, higiene eta segurtasun irizpideak. «Araudiak betetzeko ahaleginak egin ditugu eta 2025eko udara arte igerilekua irekita mantentzeko baimena lortu dugu, baina aurten ezinezkoa izan zaigu, azken unera arte saiatu bagara ere. Izan ere, Nafarroako Gobernuak azken aste hauetan zehaztu ditu irizpideak, gure igerilekuak irekitzea eragotzi dutenak», dio Berako Udalaren eta Sastrako Kirol Zerbitzuen oharrak.
Igerileku berrien proiektua garatzen hasiak
Beharraz jabeturik, igerileku berriak egiteko proiektua garatzen hasi zen Berako Udala 2025 urtetik aitzinera eta «lehentasuntzat hartu du gai hori». Proiektua garatzeko Toki Ona Institutuaren gibeleko aldeko eremua aukeratu dute, kiroldegiaren ondoan egonda, kiroldegiko instalazioak ere probestu ahal izanen dira, igerileku berrien mesederako. Toki Ona Institutuarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarrizketak izan dituzte udal ordezkariek eta onarpena lortu dute. Finantziazioa lortzeko igerileku zaharrak dauden lurrak etxe bizitza kolektiboak eraikitzeko proiektu urbanistikoa lantzen ari dira, Nasuvinsarekin batera. Lur horien salmentarekin igerileku berrien lanak finantzatuko lituzke Berako Udalak.
Baina proiektu hori garatzeko denbora behar da, eta trantsizioko uda hauetarako proposamen eta hainbat aukera prestatzen ari dira Berako Udalean: «Igerilekuak dituzten hiru herriekin jarri gara harremanetan, Lesaka, Igantzi eta Etxalar, hain zuzen ere. Beraiek finkatuak dituzten abonamendu motak eta tarifak aztertzen ari gara, egon daitezkeen gainkostuak udalak lagundu ahal izateko».
Bizi Tropela Lesakako igerilekuetara joateko
Bertze aldetik, Lesakako igerilekuetara joan-etorrietan laguntzeko itxierak berezi eragina duen 8-12 urte bitarteko neska-mutikoen taldeentzako Bizi Tropela ekimena martxan jarriko du Berako Udalak, «monitoreen laguntzarekin bizikletaz Bide Berdetik Lesakako igerilekura joan daitezen arratsaldeetan. Gainera, aztertzen ari gara KarKarCar auto elektrikoa erabiltzeko aukera inguruko igerilekuetara hurbiltzeko horren beharra duten herritarrentzat».
Berako Udalaren oharrean ageri denez, «badakigu gure igerilekuak udan ixteak ekartzen dituen eragozpenak handiak direla. Hala ere, ziur gaude aurten urrats bat atzera egitean 2027an bi urrats aurrera egiteko aukera emanen digula. Ea Berak merezi duen ur eta igerileku gune berria lortzerik dugun».
Berako Udalak aitzinetik eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei «zuen ulermenagatik eta dinamika berri honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Hurrengo egunetan, berri gehiago izatean, informatzen joanen gara».