«Gehien gustatzen zaidana da denak denekin ibiltzea»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 31

Oihana Etxeberria Burlada, Arantzako neska gaztea. Argazkia: Utzitakoa.

Oihana ETXEBERRIA BURLADA, Arantzako gaztea.

Aranztarra da Oihana Etxeberria, bere burua nola aurkeztuko lukeen galdetu eta «neska nahiko alaia» dela erran digu, irriz ari dela sumatu da telefonoaren bertze aldean. Mintzatzen segitu eta «lagunekin egotea, juerga giroa, mendira joatea eta orokorrean kirola egitea» gustatzen zaiola kontatu digu. Bide beretik, kirolari dagokionez «pixka bat denetik» egiten duela gaineratu du: «Lehenago ez zitzaidan kirol bakar bat ere gustatzen eta orain mendira joaten naiz, baita crossfit-era ere, bizikletan ere ibiltzen naiz tarteka…». Bide batez, «deuseri ezetz erraten ez diona» dela erranez borobildu du erantzuna.

Herri nahiko ttikia da Arantza —627 biztanle 2025eko azken datuen arabera—; hori horrela, «denok ezagutzen dugu elkar», dio Etxeberriak, eta hori atsegin duela aitortu ere bai: «Kanpoko jendeari aunitzetan erraten diot, adibidez, ortzirale arratsalde batean ez dugula aunitzetan kuadrillako taldean galdetu ere egiten ea atera behar garen edo ez. Karrikara atera, harrapatzen duzunarekin egon eta lixto». Are, herrian gehien maite duena bi hitzetara laburbildu du: «denak denekin». Bertzetik, data gustukoenak «dudarik gabe» inauteriak dituela aipatu du: «Juerga giroaz ari garenean niretzako urteko egun politenak dira. Azken finean, hiru egunez denak elkarrekin gaude egun osoa». Hala, baserriz baserri egiten duten eskea ekarri du gogora: «Puxka-puxka ibiltzen garenetan herriko jende helduagoarekin egoten gara eta, orokorrean, giro polita sortzen den egunak dira».

«Betidanik etxeko tabernan izan gara anaia eta biok; badut oroitzapena bederatzi urterekin edo kafeak aulkitxo baten gainetik prestatzen»

Etxeberria erizaina da ikasketaz eta ofizioz. Lau urte igaro dira ikasketak akitu zituela, eta ordutik, denbora guttian, denetik probatu du: «Denean barna ibili naiz, hala ere, gehienbat larrialdietan. Ospitalean ibili naiz, batez ere, eta azken urte eta erdian Lesakako Osasun Zentroan». Halere, batekin gelditzekotan larrialdiekin geldituko litzateke: «Ez jakite eta adrenalina hori gustatzen zaizkit». Horrez gain, gaur egun anaiak daraman etxeko tabernan ere harat eta honat ibiltzen da: Arantzako Burlada jatetxean. Kontatu duenez, belaunaldiz belaunaldi igaro da beraienera arte eta «ttiki-ttikitatik» hor ibiliak dira bai anaia eta baita bera ere: «Betidanik hor izan gara, badut oroitzapena bederatzi urterekin edo kafeak aulkitto baten gainetik prestatzen». Egun, erizain lana dela medio «guttiago» egoten dela dio, halere, «anaiari beti laguntzeko prest egoten naiz». 

Gisa berean, etxean egotea bai, baina posible duenetan kanpora ateratzea ere gustatzen zaiola aipatu du. Azkenekoz, Kuban izan zen eta «oroitzapen politak» gordetzen ditu. Aitzinera begira, berriz, «ez litzaidake sobera inportako norat joan, orain burutan dut Indonesia eta Asia alde hori, baina gerra kontuekin eta…». Halaber, etorkizunean erizaintza munduan segitzea aurreikusten du. Halere, ez dago jakiterik biziak zein bidetatik eramanen duen, zera dio: «Bizitzak bertze bide batetik eramaten banau, hori hartuko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun