Hizkuntza arazoak dituzten haurren inguruko udako ikastaroa eginen dute aurten Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 29a

Hizkuntza arazoak dituzten haurren artean identifikatzen diren kategoriak eta profil funtzionalak izanen dituzte hizpide irailean Lesakan eginen den ikastaroan.

Azken hamaika urteetan bezala, Euskal Herriko Unibertsitateak, Uda Ikastaroen barne, Lesakan antolatu du ikastaroetako bat. Hizkuntza arazoak dituzten haurren artean identifikatzen diren kategoriak eta profil funtzionalak ikastaroa bi egunetan eginen dute Lesaka Harriondoa Kultur Etxean, irailaren 18an eta 19an, Osasunbideak eta Elebilab erakundeak antolatua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailen, Osakidetzaren, Euskarabidearen, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen  eta Lesakako Udalaren laguntzarekin.

Haur horien artean identifikatzen diren kategoriak eta profil funtzionalak ezagutu eta aztertuko dituzte irailaren 18an eta 19an Harriondoan

Izena eman daiteke www.uik.eus webgunean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamentuak homologatutako ikastaroa da eta 20 orduko balio akademikoa du.

Lehenengo egunean (ortzirale arratsaldea) haurren, elebidunen eta eleaniztunen hizkuntza garatzeko arazoen inguruan ingurune soziokultural desberdinetan izandako esperientziak aurkeztuko dira (Gaztela eta Leon, Kuba, Euskadi eta Nafarroa).

Ikastaroaren sarrera eta gai orokorraren aurkezpena eginen dute Belen Compains eta Maria Jose Ezeizabarrena zuzendariek lehenik, eta ondoren lau komunitatetan lan egiten duten profesional adituek hitzaldi bana eginen dute, bakoitzak bere testuinguruaren berri emanez. Jardunaldia bukatzeko, mahai-ingurua eginen dute. Bertan, komunitate bakoitzean talde profesional bakoitzak gaia (hizkuntza arazoak antzeman eta esku hartzearena) praktikan nola jorratzen duen hausnartuko da. Hizlarien eta bertaratuen iritziak eta gogoetak jasoko dira, eta praktika bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak aztertuko dira, praktika bakoitzaren osagai eredugarriak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko ahaleginean.

Bigarren egunean (larunbat goiza) gai zehatzagoak eta praktikoagoak landuko dira, eta hainbat arlotan (unibertsitatean, osasunean, hezkuntzan eta gizartean) garatutako esku hartzeko tresnak eta prozedurak aurkeztuko dira. Tresna/prozedura/esperientzia zehatzen inguruko hitzaldi bakoitzaren ondoren galdera eta eztabaidarako tartetxoa egonen da, eta ondoren tailer praktiko bat. Jardunaldia amaitutakoan ikastarora bertaratutakoei aukera emango zaie datorren urteko ikastarorako lan-ildoak proposatzeko.

Uda Ikastaroan zehar teknika parte hartzaileak baliatuko dira bertaratutakoak elkar eragitera bultzatzeko eta ikastaroan zuzenean parte hartzeko.

Belen Compains da, aurten ere, ikastaroaren zuzendarietako bat, EHUko ELEBILAB Letren Fakultateko Maria Jose Ezeizabarrenarekin batera.

 

Helburuak

Hizkuntzarekin arazoak dituzten haurrentzako beharrezkoa den arreta hobetzen laguntzea, jaiotzatik haurtzaroa amaitu arteko etapetan, hainbat eremutan: familia, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta gizartea, oro har.

Gai hauei buruz gogoeta egitea:

  • LOMLOE (ikaskuntzaren diseinu unibertsala, inklusioa) indarrean jarri zenetik, hezkuntzako profesionalek arazo mota horiei ematen dieten arreta nola aldatzen ari den.

  • Diziplina artekoa edo gaur egun kolaboratibo gisa definitu ohi den esku hartzeaz, eta esku hartze horrek praktikan izaten ari duen garapenaz.

  • Hizkuntza-nahasmenduei nola heltzen zaien, osasunetik, gizarte zerbitzuetatik eta familietan, oro har, udalerrietan eta gizartean.

Programa eraginkorrak garatzeko jardunbide egokiak eskaintzen dituzten adituengandik ikastea eta adituak prestatzea.

Diagnostikoa eta banakako esku hartzea errazten duten tresnen eta baliabideen garapenean egindako aurrerapenak aztertzea.

Urtero 60 pertsona baino gehiago biltzen dituen hizlari eta bertaratutakoen komunitate txiki honek eskaintzen dizkigun beharrak, zailtasunak eta ekarpenak partekatzea.

Ikastaroan parte hartzen duten eragileen ezagutza eta prestakuntza zabaltzen laguntzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun