Lesakako 30 bat ikaslek parte hartu dute CPEN Basoaren Lehen Hezkuntza Jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 29a

Irain Eskola Publikoko eta Tantirumairu Ikastolako ikasle eta irakasleak, OREKANeko talde teknikoarekin eta Lesakako Udaleko ordezkariekin batera, ortzegunean Eskolamendin.

CPEN Basoak, Nafarroako Korporazio Publiko Enpresarialak (CPEN) sustatutako ekimenak, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako jardunaldi didaktikoa egin zuen maiatzaren 28an, ortzegun goizean, Lesakako Eskolamendin oihanberritutako eremuan, Lesakako Udalarekin elkarlanean antolatuta.

CPENek eta Lesakako Udalak antolatutako ekimenak Irain Eskola Publikoko eta Tantirumairu Ikastolako ikasleak bildu ditu ortzegun honetan Eskolamendin

Jarduera honek Nafarroako Rural Kutxaren laguntza izan du, baita OREKANen partaidetza ere. Sozietate publikoa proiektuaren kudeaketa teknikoaren arduraduna da, eta ortzeguneko jardunaldiaren gidaritza eta dinamizazioa bere gain hartu ditu. Osotara, Irain Eskola Publikoko eta Tantirumairu Ikastolako 6. mailako 30 bat ikaslek parte hartu dute, euren irakasleekin batera.

CPENeko Jasangarritasun zuzendariak, David Pérez de Cirizak, proiektuari hezkuntza dimentsioa gehitzearen garrantzia nabarmendu zuen: «Ingurunearekin zuzenean harremanetan jarrita, belaunaldi berriek oihan bat berreskuratzeak, CO2-a xurgatzeak eta biodibertsitatea zaintzeak zer eskatzen duen ulertzea nahi dugu. Gaur egungo ikasleak izanen dira etorkizunean beren herrietako herri lurren kudeaketan parte hartuko dutenak; horregatik, ezinbestekoa da ekosistemen balioa eta zaintza ezagutzea».

Ladis Satrustegi:

«Mendia eta basoak gure izaera eta egunerokotasunaren parte dira»

Ladis Satrustegi Lesakako alkateak, bere aldetik, ingurune naturalaren eta tokiko komunitatearen arteko loturaren garrantzia azpimarratu zuen: «Mendiak eta basoak garrantzia handia izan dute Lesakako historian, eta gaur gaurkoz ere, gure izaera eta egunerokotasunaren parte dira. Daukagun ingurune honek gure bizi kalitatean maila ezberdinetan eragin zuzena du eta, hori dela eta, ikuspegi horretatik lan egiten jarraitu behar dugu. Transmisioak eta hezkuntzak garrantzi berezia hartzen dute hemen, egungo eta etorkizuneko herritarrak trebatzea eta horrelako proiektuetan inplikatzea lagungarri izanen baita biharko estrategiak definitzeko».

OREKANeko talde teknikotik, Luisa Ilundain ingurumen hezkuntzako teknikariak ikaskuntza praktikoaren eta esperientziaren balioa goraipatu zuen: «Ikasleek sute baten ondoren ekosistema batek nola eboluzionatzen duen ikustea, hausnartzea eta ulertzea bilatu dugu; kontaktu zuzen horrek eta jarduera ingurune hurbilean burutzeak ikaskuntza esanguratsuagoa eta iraunkorragoa ahalbidetzen du».

Era berean, parte hartu duten ikastetxeetako irakasleek hagitz modu positiboan baloratu dute jarduera; ingurumenarekiko sentsibilitatea sustatzeaz gain, ikasleei karbono aztarna, biodibertsitatea edota sute baten ondorengo ekosistemen leheneratzea bezalako kontzeptuak modu praktikoan ulertzeko aukera eskaini zaielako.

Ingurumen hezkuntza tokian bertan

Jardunaldia ikastetxeetan hasi da, CPEN Basoaren proiektuari eta funtsezko kontzeptuei —karbono aztarna, xurgapen sistemak eta emisioen konpentsazioa— buruzko aurkezpen batekin. Gero, ikasleak Auzoberriko atsedenlekura joan dira, eta handik oinez abiatu dira Eskolamendiko birlandaketa eremuraino. Ibilbidean, baso ekosistemetan, paisaian eta suteek eragindako kalteetan oinarritutako jarduera didaktiko eta interpretatiboak egin dituzte.

Atsedenaldi baten ondotik, jarduerak toki berean segitu du eta ikasleek zuhaitz espezieen identifikazioa, espezie autoktonoen eta aloktonoen bereizketa eta birsorkuntza naturalaren eta birlandaketaren prozesuen funtsezko alderdiak landu dituzte.

Proposamenak aukera eman du basoen eta klima aldaketaren arintzearen arteko harremana lantzeko ere, baita CO2 emisioak konpentsatzeko gaur egungo estrategiak ezagutzeko ere, basoberritze proiektuen bidez.

Jarduerak OREKANeko talde teknikoak dinamizatu ditu: Luis Sanzek, Uraren eta Ingurumen Ebaluazioaren arloko zuzendariak; Javier López-Pasarínek, Baso Kudeaketako teknikaria; eta Ana Varela eta Luisa Ilundain ingurumen-hezkuntzako teknikariek, Mendikate ingurumen-hezkuntzako enpresaren laguntzarekin.

Eskolamendi parajearen birlandaketa

Eskolamendin egindako basoberritzea CPEN Basoaren lehen fasearen barruan kokatzen da; fase hori 2023an hasi zen Lesakako udalerrian suteek kaltetutako eremuak berreskuratzeko helburuarekin. Guztira, 13 hektarea baino gehiago birlandatu dira, eta 18.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira, kaltetutako baso-masen berreskurapenean eta ekosistemaren birsorkuntzan lagunduz.

Proiektu honek berreskurapen ekologikoaren prozesu bati hasiera ematea ahalbidetu du suteek bereziki kaltetutako eremu batean, birlandaketa funtsezko tresnatzat hartuz eta paisaia leheneratzeko eta karbono hobi berriak sortuz.

Ia hiru urte igaro ondoren, ikastetxeekin egindako lehen esperientzia honek dimentsio sozial eta pedagogiko berri bat txertatu dio proiektuari, belaunaldi berriei mendien kudeaketa jasangarriaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren garrantzia hurbilduz.

CPEN Basoari buruz

CPEN Basoa Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioak (CPEN) bultzatutako ekimena da, zeinak bultzada publikoa eta enpresa konpromisoa uztartzen dituen suteek kiskalitako lurrak CO2-a xurgatzeko eta bizitza birsortzeko gai diren baso berrietan bihur daitezen.

Proiektuak, OREKANen kudeaketa teknikoarekin, enpresa zein erakundeei aukera ematen die beren berotegi efektuko gasen emisioak borondatez konpentsatzeko, egiaztatutako birlandaketa jardueren bidez. Testuinguru honetan, CPEN Basoan parte hartzen dute, bertzeak bertze, Nafarroako Rural Kutxa, Servicios Ecológicos de Navarra (SEN), Rodona Industria Gráfica, Autopistas de Navarra (AUDENASA), Hidro Rubber, ArcelorMittal (Lesaka), Osés Construcción, Arantza Hotela eta Punto de Vista Nazioarteko Zinema Dokumental Jaialdiak (NICDO), ingurune naturalaren berreskurapenean lagunduz eta, aldi berean, beren karbono aztarnaren zati bat konpentsatuz.

Orain arte, CPEN Basoak bi jarduera nagusi egin ditu: lehena Lesakan eta bigarrena Legardan. Han, 35.000 zuhaitzekin 21 hektarea baino gehiago birlandatu dituzte. Ekimenak aitzinera egiten segitzen du, Nafarroako bertze eremu batzuetan —suteek kaltetutakoetan— eredu hau hedatzeko lan ildo berriak garatuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun