Argimalutak konpainiaren lana Arantzako eskolan taularatuko dute, 19:00etan.
Honela dio antzerkiari buruzko azalpenak: «Ke artean, egur artean eta isiltasunean, ikazkinek menditan ziharduten belaunaldiz belaunaldi. Haien ofizioa, ia desagertua, naturarekiko lotura sakona zeukan bizimodu xumearen lekuko izan zen. Txondor Plaza ikuskizunak oroimen hori bizirik mantendu nahi du zirku-antzerkiaren bitartez. Antzezle bakar batek ikazkinari bizia ematen dio basoan emandako azken egunak irudikatuz; arnasa hartzen duen eta kea darion txondorraren ondoan, bere etxola, ohiko tresnak… eta inguruan dabilen muxar ipurtarina».