Azken hiru urteetan bezala, Lesakako sanferminetako kartel lehiaketa Fred Jose Ramos Lasagak irabazi du, aurtengoan Arrankada izeneko lanarekin. 250 euroko sariaz gain, kartel horrek iragarriko ditu aurtengo Lesakako bestak.
Programaren azal lehiaketa, berriz, Jasone Telletxeak irabazi du, Dantzariak I lanarekin. Honengatik ere 250 euro hartuko ditu eta bere lana besta egitarauaren azalean ikusiko da. Denera, kartel lehiaketara sei lan aurkeztu dituzte eta programaren azal lehiaketara bortz.
Azalaren gibeleko aldeko lehiaketara, berriz, herriko ikasleek 133 marrazki aurkeztu zituzten eta Olhain Plaza Maiak irabazi du lehen saria, Agurra izeneko lanarekin. Herriko dendetan erabiltzeko 100 euroko erosketa txartelaz gain, bere lana programaren gibeleko azalean argitaratuko dute.