Berako kiroldegian paratutako instalazio fotovoltaikoaren arrakastari jarraiki, bigarren instalazio bat paratu nahi du martxan BixtuBerak. Horretarako, interesa dutenen zerrenda bat osatu nahi du, instalazioa dimentsionatu eta martxan paratu aitzinetik.
Instalazio fotovoltaiko bat, eguzki panelen bidezkoa, paratu nahi du BixtuBerak Eztegara pilotalekuan. Instalazio mota hau sistema partekatu bat da, non hainbat pertsonak, merkatarik, enpresak edo erakundek eguzki energia elkarrekin sortzen duten instalazio komun baten bidez. Sortutako energia parte hartzaileen artean banatzen da eta 70 lagun elkartu nahi dituzte bigarren egitasmo honetara.
Bazkide egiteko aukera
Instalazioan parte hartu nahi dutenek bazkide egiteko eskaera bete behar dute bixtubera.eus webgunean, eta argindar kontratuaren titularraren NANaren kopia eta hornidura faktura bat bidali behar dute info@bixtubera.eus helbidera maiatzaren 31 baino lehen. Interesatuen argindar kontagailuak Eztegara pilotalekutik bortz km-ko erradioan egon beharko du.
Datu horiekin, azterketa bat eginen du BixtuBerak, instalazioa bideragarria den ikusteko, eta bakoitzari, bere kontsumoetan oinarrituta, proposamen pertsonalizatu bat eginen dio, aurrezpen eta inbertsio estimazio batekin batera. Norberaren kontsumoen eta kontratatutako potentziaren arabera, inbertsio maila desberdinak proposatzen dizkie kooperatibak bazkideei.
Informazio gehiago nahi duenak mezu bat bidali dezake info@bixtubera.eus helbidera.