Lesakako Udalak jakinarazi duenez, herriko zenbait auzoetako bideak moldatuko dituzte datozen asteetan, «erabiltzaileentzat seguruago eta egoera hobean egon daitezen». Sastringo bidean oraindik konpontzeko dauden 375 bat metro Mikel Ubiria eraikuntza enpresak eginen du eta Peuran auzoko eta Hiriburutako bideak ere laster esleituko dituzte.
Sastringo bidea Mikel Ubiria Eskabazioak eginen du 80.295 eurotan
2020an hasitako lanekin jarraituz, oraingoan oraindik konpondu gabe dagoen 375 metroko zatia ormigoituko da.
Lanak Mikel Ubiria Eskabazioak enpresak eginen ditu, eta datozen asteetan hasiko dira. Obraren kostua 80.295,51 eurokoa izanen da (BEZik gabe). Diru kopuru hau Nafarroako Gobernuko Tokiko Inbertsioen Programaren (PIL) eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuaren laguntzen bidez finantzatuko da. Proiektua eta obra zuzendaritza Basartea enpresak egin ditu.
Peuran auzoko eta Iriburutako bideen aurrekontua 160.000 eurokoa
Peuran auzoko bidean, azken bi urteetan, 237 metro neurtzen duten bi zati ormigoitu dira eta orain 136 metro gelditzen dira egiteko.
Iriburutako bidean, berriz, hondatuta dauden sei zati berrituko dituzte eta ormigoia botako da. Denetara 364 metro izanen dira konpondu beharrekoak.
Bi bide hauen proiektuak eginak daude eta konponketaren aurrekontua 160.051,02 eurokoa da.
Nafarroako Gobernuaren programaren (PIL) udal azpiegiturak hobetzeko proiektuentzat bideratutako laguntzetatik jasoko du %75a eta gainerakoa Lesakako Udalak osatuko du.