Azken hilabeteak mugituak izan dira Nafarroako hezkuntza komunitatean, baita parlamentuko taldeen artean ere. Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak heldu den ikasturteari begira, Haur Hezkuntzako 33 ikasgela itxiko zituela iragarri zuen apirilean, eta horrek haserrea sortu zuen. Agudo etorri ziren murrizketak salatzeko protestak, bai ikastoletan, bai eskola publikoetan.
Geroztik, ordea, berri gehiago izan dira. Batetik, UPNk itunpeko ikastetxeei begira aurkeztutako lege proposamena aitzinera atera zuten Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu zirelako. Eta hala, itunpeko ikastetxeetako ikasgelak ixteko erabakia urtebeterako gibelatzea adostu dute.
Baina hori «hezkuntza publikoaren kontrako erasotzat» hartu zuten bertze batzuek. Konparazio batera, joan den astean, maiatzaren 21ean Nafarroako bertze hainbat ikastetxetan bezala, Bortzirietako eskola publikoetan elkarretaratzeak egin zituzten Herriak bizirik. Ez itxi gelak publikoan lelopean. Adierazi zutenez, «ikastetxe publikoetan ez dago inongo babesik Hezkuntza Departamentuak ezarritako ratioetan matrikula lortzen ez bada. Normaltzat hartzen da taldeak kentzea, bitarteko irakasleak (interinoak) kanporatzea eta kalte ordainik gabe uztea». Gaineratu zutenez, «ikastetxe pribatuetan itunak babesa ematen die; eta eskaintza eusten dute eta enplegua babesten dute. Indar politiko eta hezkuntza eragile gehienek itunen galeran jarri dute arreta eta ez sare publikoaren murrizketan».
Protesta horien ondotik, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoei ere jakinarazi die heldu den ikasturtean ez dutela talde bakar bat ere galduko. Gobernuaren hitzetan, «lege erregionalistak itunpeko ikastetxe pribatuei ezarritako tratamendu babeslea hezkuntza publikora eraman» dute.