Lesakako Pikuko bordako lehen egonaldiko uzta aurkeztu du Oihana Arana idazleak

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 22a

Pikuko bordako Oihana Costas eta Oihana Arana idazlea, Lesakako landetxearen atarian, 'Zerua hemen' liburuarekin.

Otsail hasieran egon zen Eskoriatzako idazlea herriko landetxean, Lesakako eta Getariako Udalen egitasmoari esker eta 'Zerua hemen' poema liburua aurkeztu du maiatzaren 21ean Lesakako liburutegian

Oihana Arana Cardenal idazleak Zerua hemen liburua aurkeztu zuen maiatzaren 21ean Lesakako liburutegian. Egileak Maddi Ane Txoperena lagun izan zuen aurkezpenean. Baina ez zen ohiko aurkezpena izan. Aipatzekoa da, Getariako eta Lesakako udalek bi herrietako ostatuetan idazketa egonaldiak laguntzen dituztela eta Eskoriatzako Oihana Arana Cardenal bere lana garatzeko otsailaren 2tik 7ra egon zen Lesakako Pikuko bordan. Horregatik, liburutegiko aurkezpenaren aitzinetik, kuku bat egin nahi izan zuen idazleak astebetez hartu zuen landetxera. Duela hiru urtetik Pikuko bordan bizi den Oihana Costasi liburua sinatu («eskaintzetan ere ageri da zure izena» erran zion) eta biak gustura agertu ziren otsaileko esperientziarekin.

Maddi Ane Txoperena eta Oihana Arana, liburutegiko aurkezpenean.

 

Oihana Aranak lehendik baditu eleberri bat eta poema liburu bat argitaratuak, baina lehen aldia da bere sorkuntza bat osatzeko horrelako egonaldi batean parte hartzen duena: «Normalean zerbait bukatzeko behar izaten dut itxialdi formatu bat, denboraren eta espazioaren neurria galdu eta proiektua amaitzeko lanean aritu. Liburu hau amaitzear nintzela izan nuen deialdiaren berri eta proiektua ongi ixteko aukera ematen zidanez, aurkeztu nintzen. Zer falta nuen zerrendatu nuen eta hona etorri eta bukatzea zen helburua. Zazpi-zortzi poema idatzi nituen Lesakan eta nire ohiko erritmoan asko da hori. Landa eremuko paisaiak, landareak, animaliak… asko agertzen dira liburuan, oso presente daude. Hemen izateak eman zidan testuinguru hori, liburuari ongi zetorkiona. Oso polita izan zen, bost egun izan nintzen, astelehenetik larunbatera eta igande hartan Kanarietara joan nintzen, lagun batekin, dena segidan. Lesakan dena bukatu nuen, baina izenburua eta azken poema falta nuen eta horiek Kanarietan egin nituen».

 

Oihana Costas eta Oihana Arana, Pikuko bordan.

Oihana ARANA: «Aitaren heriotzaren dolutik abiatuta, minetik pozerako bidaia baten modukoa da liburua»

Dolu prozesu batetik abiatutako poema bilduma bat da, bi urtetan idatzitako poemekin ondua. Aitaren heriotzaren ondorengo bizitzaren nondik norakoetan arakatzen dute poemek, «baina ez da liburu ilun edo triste bat, baina niretzat ez da hori, kontrara, oso liburu argitsua da, minetik pozerako bidaia baten modukoa». Liburuaren azaleko irudiak ez du neguko eta zuhaitz tarteko Pikuko bordarekin zerikusirik, «hondartzako irudi argi eta eguzkitsu bat da, Kanarietakoa, nire aita zena eta ahizpa agertzen dena. Tonu malenkoniatsu bat izatea ere nahi nuen, baina aldi berean, poza edo irri bat sor zezakeen portada bat izatea. Alde batetik tristea da, errepikatu ezin izango den argazki bat delako, aita ez dagoelako, baina argazkiaren koloreek, disposizioak, ipurdi bat agertzeak, tonu alaiago bat ematen dio». Zerua hemen izenburuari dagokionez, «lagun batek esan zidan behin triste eta zurrunbilo batean gaudenean beharbada ez dugula zerua ikusten, baina zerua beti hor dagoela. Nire poemetan asko agertzen da zerua, nahiz eta poema tristeak izan, zeru urdinak presentzia handia du. Niretzat zerua elementu oro hartzailea bat izan da, gauza pila bati buruz hitz egitea permititu dostana. Zerua bere horretan hartu dut, ez tonu espiritual batekin, ez nion geruza hori eman nahi. Horregatik da ‘Zerua hemen’, hemen, gurekin, momentu honetan… Baina izenburu hori justifikatzen zuen poemarik ez nuen eta hori izan zen sortzen azkena, liburuko azken poema, Tenerifeko zeru urdinari buruzko poema bat, han hamaka batean egina».

 

Oihana Arana bere liburua sinatzen Pikuko bordako Oihana Costasi.

 

Oihana COSTAS: «Berriz ere laguntzeko prest eta pozik»

Sortzez Astigarragakoa eta azken hiru urtetan Pikuko borda landetxea kudeatzen duen Oihana Costasek, bere aldetik,  Lesakako Udalaren proposamena izan orduko baiezkoa eman zion.  «Esperientzia aberasgarria da. Udalaren korreoa hartu nuen eta, egia esateko, euskaraz amonarekin eta asko hitz egiten nuen, baina asko galdu dut. Azken urteotan ari naiz hobetzen pixkanaka, eta proiektu hau oso polita iruditzen zait, euskaraz hitz egitea eta leitzea sustatzea beti ondo dator eta horregatik animatu nintzen. Euskara berreskuratzen ari naiz pixkanaka eta ea denborarekin ‘aparkatutako’ txikitako irakurzaletasuna ere berpizten zaidan». Aurtengoa Oihana Aranarekin egin du, baina datozen urtetarako ere animatu da Pikukobordako nagusia, «gustatu zait proiektua, gustatu zait idazlearekin sortzen den harremana, oso gustura, eta berriz ere laguntzeko prest eta pozik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun