‘Ongi etorri Bortzirietara’ bideoa berritu eta aurkeztu du Bortzirietako Euskara Zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 21a

Gaur ospatzen den Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna aprobetxatu dute maiatzaren 31n ospatuko den Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Egunaren programa ere aurkezteko.

Bortzirietako Euskara Zerbitzuak “Ongi etorri Bortzirietara bideoa” berritu du eta emaitza erakutsi du gaur, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan. Bidenabar, aurkezpen hau probestu nahi izan dute herritarrak maiatzaren 31n Lesakan ospatuko den Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Egunera gonbidatzeko. Bi ekimen hauen gibelean Euskara Zerbitzua, Berdintasun Zerbitzua, eta Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldea daude.

Kultura aniztasunaren nazioarteko egunaren bueltan jardunaldiak eta aniztasun eguna antolatu ditu aniztasun taldeak. Maiatzaren 21a data seinalatua izaki, aproposa iruditu zaie bideoaren aurkezpena egiteko zein Lesakan ospatuko den aniztasun egunerako deia egiteko. Bideoaren eta aniztasun taldearen helburuak berberak baitira: harrera, inklusioa, aniztasuna balioan paratzea eta euskara eskuratzea. Bertze modu batera errateko, bideoa tresna bat da aniztasun taldeak zabaldu nahi dituen mezu eta balioentzat.

Patxi Castillo, Bortzirietako Mankomunitateko lehendakaria; Nagore Huegun, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuko teknikaria eta bideoan parte hartu duen Aitor Iratzoki irakaslea, aurkezpenean.

'Ongi etorri Bortzirietara' bideoaren aurkezpena

Bideoaren helburua da migratzaileei harrera egitea, aniztasuna aitortzea eta euskarari buruzko informazioa eta baliabideak eskaintzea. Ekoizpen beri honek zenbait berritasun dakartza, horietatik pare bat nabarmendu dituzte: «alde batetik, arrazakeriaren aurkako ikuspegia berariaz eta modu esplizituan jorratzen da, eta, bertzetik, Bortzirietako herritar anitzei ahotsa eta ikusgarritasuna ematen zaie: migratzaileak ez dira mezuen jasotzaile pasibo, aholku emaile aktiboak baizik, lehenbiziko pertsonan euren bizipenak kontatzen dituzte, baita euren ikuspegia adierazten ere».

Migratzaileen harrera eta inklusioa lantzerakoan “gu bertakoak” eta “haiek kanpotarrak” banaketa saihestu nahi izan dute, «komunitate anitza osatzen dugu guzion artean, askotariko ibilbideak ditugun herritarrok. Guzion artean egin eta biziarazten ditugu gure herriak».

Bideoaren egilea Katubiko Oier Fuentes da, «2019ko bideoa ere berekin egin genuen, lana mimoz eta sentiberatasunez egiten du, eta elkarlan esperientzia luze eta emankorra dugu berekin. Hagitz kontent gaude emaitzarekin».

Protagonistak

Bideoaren protagonista dira Beni Nibal (jatorria Dominikar Errepublikan duen beratarra); Estitxu Elgorriaga (aniztasun taldeko lesakarra); Patxi Castillo (Bortzirietako Mankomunitateko lehendakaria eta Berako udal ordezkaria); Leire Mitxelena (Bortzirietako Mankomunitateko ordezkaria eta Arantzako udal ordezkaria); Anca Maria Baies (Jatorria Errumanian duen beratarra, errumanieraz); Aitor Iratzoki (irakaslea); Nacho Machado (ikasle ohia, lesakarra, txikitan Uruguitik etorria); Michelle Osorio (jatorria Kolonbian duen beratarra); Beñardo Goietxe (euskaltegiko irakaslea) eta Karim Zarhouni (jatorria Andorran duen etxalartarra).

Bideoko protagonistek euskara, gaztelania eta errumaniera darabilte. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, bideoa bertze 8 hizkuntzatan azpititulatua dago: arabiera, errumaniera, errusiera, frantsesa, ingelesa, katalana, portugesa eta ukrainera. Bideoak osorik 5 minutu eta 28 segundoko iraupena du. «Asmoa dugu etorkizunean arestian aipatu dizkizuegun hiru atalekin bideo labur bana egiteko. Bideoa herritar orok ikusteko modukoa bada ere, bereziki zuzendua dago migratzaileei, Bortzirietara bizitzera heldu diren pertsonei. Honako bide hauek erabiliko ditugu horretarako: Udaleko eta mankomunitateko zerbitzuak, ikastetxeak eta Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldearen bidez, eragileak eta herritarrak.

 

Lesakako plazan eginen dituzte maiatzaren 31ko ospakizunak eta bertan egin dute aurkezpena.

Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun eguna maiatzaren 31n

Gaurkoan Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da, eta maiatzaren 31n Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Eguna ospatuko dute Lesakan, Plaza Zaharrean, 11:00etatik 15:30era. Egun horren berri emateko ere aprobetxatu dute Lesakako Herriko Etxean egindako aurkezpena. «Bortzirietako aniztasuna eta elkarbizitza ospatuko ditugu. Gizarte justu, inklusibo eta diskriminaziorik gabeko baten aldeko mezua zabalduko dugu. Beraz, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko ditugu».

Egitaraua
  • 11:00: Txaranga izanen dugu herria girotzen.
  • 11:30: Euskal dantzak.
  • 12:00: Dantza latinoak.
  • 12:30: Munduko jolasak. Sokatira, La Rayuela eta soka saltoa.
  • 13:00: Ekitaldia.
  • 13:30: Janari dastaketa. Parte hartzaileen zerrenda, jaioterriaren arabera: Euskal Herria, Galizia, Nikaragua, Kolonbia, Brasil, Alemania, Argentina, Venezuela eta Ekuador. Izen ematea zabalik dago. Parte hartzaileek erosketa txartelak izanen dituzte herriko dendetan erosketak egiteko.
  • 14:00: Musika emanaldia, Roda do leo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun