Ombuaren itzala
Ombuaren itzala film biografikoa da, Patxi Bisquert zuzendariarena, 2024an plazaratua. Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 - Rosario, Argentina 1910) bertsolariaren bizitzako azken 20 urteak agertzen dira filmean. 2024ko azaroaren 30ean Zizurkilgo elizan aurre estreinatu ondotik, herriz herri hainbat emanaldi egin ziren. Zinemagintzan batere ohikoa ez den proiektu bat zen hau, finantziazioa lortzeko auzolan bat bultzatu baitzen: udalak, kultur elkarteak, Ikastolen Federazioa eta hezkuntza publikoko sarea inplikatu ziren ekoizpenean. Aldi berean, proiektuari herri atxikimendu zabala lortzeko kanpaina bat antolatu zen, hiru urtetan zehar aurkezpenak eginez, 150 toki baino gehiagotan.
Filma planifikatzen hasi zirenean oso dokumentazio gutxi zegoen Otañori buruz. Lan handia egin zuten dokumentazio bila, batez ere Koldo Izagirrek. Arrasaten Lore Jokoak irabazi zituela-eta, lau lerro baino ez zituzten aurkitu, La Voz de Guipúzcoa berripaperean. Argentinarako azken bidaian Korsika baporea hartu zuela-eta, bertze lau lerro. Eta ez zuten bertzetik aurkitu. Deus gutti baino ez zuten Pello Mari Otañoren pertsonaia aztertzeko eta egituratzeko, haren bertsoak bertzetik ez zuten. Otañoren biografiari lotuta daude bertso idatziak, aitzindari izan baitzen horretan ere. Eztarri txarra zuenez ezin zuen kantatu plazan, eta horregatik idatzita zabaldu zituen bere bertsoak.
Filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen 2025ean (SSiFF73), baita Ourenseko Zinemaldian ere (30 Festival de Cine Internacional de Ourense, OUFF).