Korrontziren 'Mundua dantzan' ikuskizuna maiatzaren 23an izanen da ikusgai Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 21a

Korrontziren buru den Agus Barandiaran trikitilaria eta ikuskizunean parte hartzen duten zenbait dantzari.

Korrontzi taldearen Mundua dantzan ikuskizuna (Leitzako Aurrera, Atarrabiako Izeia eta Villabonako Oinkari dantza taldeekin) ikusgai izanen da maiatzaren 23an, larunbatean 20:00etan Harriondoan. Sarrerak 15 eurotan salgai daude.

Larunbatean 20:00etan hasiko da emanaldia Harriondoa kultur etxean

Badira 10 urte, Korrontzi taldeak, Korrontzi Dantzan izeneko proiektua abiatu zuenetik. Ikuskizun arrakastatsua izan da hau, Euskal Herri osoko 100 dantza talde dantzatu dira Korrontzirekin azken urteotan; dantzaren bidez Korrontziren musika beste maila batera eraman dute elkarlanean. Taldeko trikitilaria den Agus Barandiaranek umetatik ikasi zuen dantzaren garrantzia; bere lehen maisuak, Rufino Arrolak, esaten zuen bezala: «…trikitixa jotzen duzunean jendeak ez badu dantzatzen, gaizki jotzen ari zara…». Esaldi horrek eragin handia izan du bai Agusen zein taldearen ibilbidean, eta Korrontzi Dantzan horren isla izan da.

2026an, aipatutako ikuskizunaren 10 urteak ospatzeko, emanaldi bira berezia prestatu du Korrontzik, beti bezala, dantza eta trikitixa ardatz hartuta. Horrela, Mundua Dantzan izeneko ikuskizun bira berria jaio da. Zergatik Mundua Dantzan? Xabier Amurizaren letra famatutik abiatuta, eta jainkoak alde batera utzita, jar dezagun mundua dantzan eta goza dezagun oraingoan ere dantzarekin; bildu ditzagun gure dantzariak, lehengo zein oraingo belaunaldiak batuz…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun