Lesakako Udalak eta Irain Herri Eskolak sinatutako oharrean adierazi dutenez, «herritar batzuk eskolako eremuan sartzen dira eta kalte material handiak eragiten dituzte, guzionak diren eta egunerokoan erabiltzen ditugu espazioetan». Bertzeak bertze, kalte hauek egin dituztela jakinarazi dute: «Jolastokiko mahaiak eta bankuak erabat hautsiak, sarrerako eta baratze inguruko loreontzietako landareak xehatuak eta lurra sakabanatua, leihoetan xabalina baten ondorioz kristalak eta pertsianak erabat hautsiak, auzolanean egindako trial parkea hondatua (gurpilak, galtzada harriak, paletak patiora botaz), espraiarekin lurra zikindua, parkeko zorua errea, edukiontzietako zaborra sakabanatua…».
Oroitarazi dutenez, «espazio horiek ikastetxe orduez gain, herritar guzien erabilerarako egunero egoten dira irekiak, instalazioak denek erabili ahal izateko». Eta horrekin batera, eskolak eta udalak «txikizioak berriz ez gertatzeko neurriak» hartuko dituztela ohartarazi dute.
«Eskolak elkarbizitzaren eta errespetuaren alde irakasten du, baina heziketa etxean hasten da»
Gehiago ere bai: «Eskolak elkarbizitzaren eta errespetuaren alde irakasten du, baina heziketa etxean hasten dela oroitarazi nahi diegu herritarrei. Denon ardura da hauek erabilera egokia egitea eta espazioaren eta materialen zainketa».