Guztira 15 musika eskolek parte hartu zuten: Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolarekin batera, Hilarión Eslava musika eskola (Burlata-Atarrabia), Eguesibarko udal musika eskola (Eguesibar), Joaquin Maya musika eskola (Iruñea), FESB Sagrado Corazón (Iruñea), Jesus García Leoz musika eskola (Erriberri), Uharteko musika eskola (Uharte), Juan Francés de Iribarren musika eskola (Zangoza), Jose Miguel Huarte musika eskola (Orkoien), Zaraitzu ibarreko musika eskola (Zaraitzu ibarra), Francisco Casanova musika eskola (Berriozar), Julian Gayarre musika eskola (Elortzibar), Lino Otano musika eskola (Arangurengo ibarra), Fernando Remacha eskola kontserbatorioa (Tutera) eta EMS Sarrigurengo musika eskola (Sarriguren, Eguesibar).
Berako musika eskolatik azaldu dutenez, «herri ttikiei orkestra egiteko aukera emateko» sortu zen ekimena, eta beratarrek joan den urtean parte hartu zuten lehenbiziko aldiz, Erriberrin egin zen IV. edizioan. «Talde lana hagitz garrantzitsua da musika hezkuntzan eta orkestra batean elkarrekin jotzea zer den ikusteko aukera ematen die ikasleei». Aurtengo gaia munduko musikak izan da eta «kurtsoan bederatzi pieza lantzen aritu gara: mexikarrak, Europako ekialdekoak, japoniarrak, Norvegiakoak… kontzertua klasean landutakoa plazaratzeko momentua izan zen eta emanaldi polita eta anitza atera zen. hagitz kontent gaude emaitzarekin». Irakasleek antolaketaren laguntza eskertu diote Berako Udalari.