Manttaleko udalekuetan apuntatzeko epea astelehenean irekiko dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 17a

Gaztetxoentzako udako proposamenak ugaritzen ari dira, eta Berako Manttale Mendi Taldeak ere egin du bere eskaintza.

Manttalek 2013 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrentzako udalekuak antolatu ditu (bi urteak barne) eta Beran izanen dira, uztailaren 6tik 31ra. 09:30etik 13:00etara bilduko dira eta plazak mugatuak direla jakinarazi du. Ordutegi horretatik kanpo, 08:30etik 09:30era, haurrentzako gune bat ere irekiko du, gurasoek udalekuen ordutegia baino lehenagotik eraman nahi badituzte.

Izen ematea

Bihar, astelehena, irekiko du Manttalek izena emateko epea eta ekainaren 5ean itxiko du, plazak bete arte. Haur bakoitzeko 125 euro ordaindu beharko da eta anaia-arrebentzako tarifa bereziak dituztela jakinarazi du.

Bertzalde, haur kopuru nahikoa apuntatzen bada, aurten abuztuan ere udalekuak egiteko intentzioa du, 10etik 28ra. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.manttale.com webgunean sartzen ahal da, edo manttaletaldeaudalekuak@gmail.com helbidera idatzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun