Udaleku hauetan 2014 eta 2022 bitartean sortutako haurrek parte hartzen ahal izanen dute. Eskaintzen den plaza kopurua mugatua denez, izena eman ahala onartuko dituzte eskaerak, plazak agortu arte.
Bortz herrietan eskainiko dituzte udalekuak. Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin uztailaren 6tik 31ra izanen dira. Lau aste dira guztira, eta izen emateak asteka egiten ahal dira. Arantzan, Etxalarren eta Igantzin eskolan bilduko dira eta Beran Ricardo Baroja eskolan edota Labiaga Ikastolan.
Lesakan, berriz, bestak bukatuta hasiko dira. Uztailaren 13tik abuztuaren 28ra, zazpi aste izanen dira aukeran, eta honetan ere, asteka apuntatzeko aukera izanen da. Udalekuak Harriondoan eginen dituzte, komentuan.
Bertzelako xehetasunak
Herri guzietan bi ordutegi izanen dituzte aukeran, izen emateko momentuan hautatzeko: 09:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. Aukeratutako ordutegiaren arabera, prezioa ere aldatuko da.
Gainerakoan, aurten ere, deskontu batzuk izaten ahalko dituzte Bortzirietan erroldatutako familiek. Batetik, % 20ko deskontua izanen dute guraso bakarreko familiek, familia ugariek edota bi anai-arreba edo gehiago apuntatzen dituztenek. Bertzetik, % 50eko deskontua izanen dute egoera ekonomiko zaurgarrian daudela egiaztatzen duten familiek. Deskontuak ezin izanen dira pilatu.
Izena lotura honetan sartuta eman behar da eta ordainketa izena emateko momentuan egin behar da, txartelarekin. Izena emateko epea bukatuta, ezin izanen da apuntatu.