Ribera Beka irabazi dute Jon Abril eta Asier Gogortza beratarrek

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 15a

Ezkerretik hasita, lehenbizikoa Asier Gogortza eta hirugarrena Jon Abril.

Ribera Beka Irungo Udalak Bidasoa Ibaiaren eta memoria historikoaren eta mugaren inguruko ikerketa ekintza proiektuak garatzeko ematen du. Bi beka eman ditu eta horietako bat bi beratarren Bidasoko Toponimia ttikia lanarentzat izan da. 

Asier Gogortzak eta Jon Abrilek aurkeztutako proiektuaren helburu nagusia Bidasoak Bera eta Hondarribia-Hendaia artean duen tartearen toponimia ttikia biltzea da, «toponimia horrek eta toki horiek herritarrek ibaiarekin duten harremanaren lekuko, iradokitzen dutenaren argazki bilduma batekin osatuz». Gisa horretara, «galtzeko arriskuan dagoen toponimia berreskuratzea» dute helburu, eta aldi berean, «hitz-corpus bat biltzeaz gain, toponimia toki horrek biztanleentzat izan duen garrantzia edo erabilera jasotzeko» balioko lukeela diote. Hala, herritarren eta Bidasoaren arteko harremana «belaunaldiz belaunaldi nola aldatu» den aztertu nahi dute, «eta horretan sakondu, hari buruzko pertzepzioak eta ikusmoldeak bilduz».

Bertze bekaren irabazlea Francisco Marise eta Eider Rodriguezen Kafe kikara batean lana izan da. Beka bakoitzagatik 11.250 euro hartu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun