Azalean Berako Bestak 2026 testua agertu beharko da nahitaez, bertzelako testurik gabe. Formatuari dagokionez, argazkiak edo irudiak kolorezkoak izan beharko du; paperean edo digitalean (.jpg formatuan) aurkeztu beharko da, eta bertikala izan beharko du (18 x 27 cm). Paperezkoaren kasuan, kartazal zuri batean modu egokian sartuta entregatu beharko da.
Irudien gaia, estiloa eta teknika librea izanen da. Hori bai, ohartarazi dute ez dutela plagiorik onartuko, ezta adimen artifizialarekin osatutako irudirik ere. Genero berdintasunari ere erreparatzea nahi dute: «Genero irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu aukeraren arloan ezberdintasunen tratamendu gutxiesgarria saihestuz».
Lanak aurkezteko epea
Lanak ekainaren 2ko 13:30 baino lehen aurkeztu beharko dira Berako Herriko Etxeko bulegoan edo telematikoki (egoitza elektronikotik).
Gainerakoan, sariduna herri bozketa bidez erabakiko dute eta aurten, bi sari emanen dituzte: boto gehien lortzen dituen lanak 400 euro eta aldizkariko azalean agertzea lortuko du eta bigarrenak 200 euroko saria izanen du eta aldizkariko kontrazalean agertuko da.