«Naturaren zaintza eta errespetua» aldarrikatzeko murala aurkeztu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 14a

Andrea Gouraudek eta Ainhoa Lekuonak egin dituzte ilustrazioak, Manuel Gourauden ideian oinarrituta. Maiatzaren 9an aurkeztu zuten murala eta lanaren nondik norakoak azaldu zituzten egileek.

Argazkiak: utzitakoak

Manuel Gouraudek azaldu zuenez, «lehen mendian hainbat jarduera egiten ziren: egurra moztea, iratzea, landaketak…» baina orain «kirola egiteko eta aisialdirako eremu» bihurtu dela adierazi zuen, «eta horrek ondorioak ekarri ditu: motorrak, kotxeak, autokarabanak, jendea, zarata, kutsadura, hondakinak, aztarnak… eta horren kalteduna natura da». Ideia horretatik abiatuta egin dute murala, hiru helburu nagusirekin: «gunea garbi mantentzea, hemendik pasatzean den jendearen ikusmena alaitzea eta bakoitzak bere hausnarketa egitea».

Ainhoa Lekuona biologoa eta ilustratzaile zientifikoa da, eta muraleko animaliak margotzeaz arduratu da. Azaldu zuenez, «animalia bat margotu baino lehen ikerketa prozesu bat egiten dut. Animalien kontserbazioa da nire motibaziorik handiena, zoritxarrez, galtzen ari baitira». Ingurumen zentro batean haur eta gazteekin lanean aritu ondotik, «konturatu nintzen gaur egungo gazteek ez dakitela deus naturari buruz. Teknologiaz eta asfaltoz beteak daude gure biziak eta ez gara konturatzen naturarekin dugun harremana galtzen ari garela. Horrelako ekimenak inportanteak dira animaliak eta haien ekosistemak ezagutzeko, bai guretzat eta baita etorkizuneko belaunaldientzat ere».

Hori dela eta, margolanak egiteko eta kanpoan denbora luzez irauteko erabilitako teknikak azaldu zituen Andrea Gouraudek, marrazkien paisaiak egin dituen artistak: «marrazkiak olioz pintatuak daude, modu tradizionalean, eta gero kalitate altuan eskaneatu dira, neurri handian inprimatu ahal izateko. Ainhoak digitalean egiten du lan eta eskaneatu ondotik txertatu zituen animaliak. Gero iraunkorra den material baten gainean inprimatu genituen, tratamendu berezi batekin kanpoan paratzeko eguraldiarekin hondatu gabe. Zuzenean murala margotu bagenuen segituan hondatuko zen, eta gure esperantza da iraupen luzea izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun