Berako Matzada auzoan uholdeak prebenitzeko lanak hasi dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 14a

Berako Udalak azaldu duenez, orain arteko hodiek ez zuten ekaitz egunetan sortzen den ur emari guzia xurgatzeko kapazitaterik eta, horren ondorioz, Matzada karrika maiz urez betetzen zen. Arazoari konponbidea emateko eginen dituzte orain egokitze lanak.

Zehazki, Kanttonzabalen barrena Matzadako errekastora euri urak eramateko drainatze hodiak berrituko dituzte eta obrek 263.150,42 euroko aurrekontua izanen dute. Europako Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatuko dute. Lanak Sasoi Eraikuntzak enpresa ari da egiten.

Bidenabar, Berako Udalak oroitarazi du lan horiek «zuzenean» eragiten diotela Altzateko obren ondorioz egin den behin-behineko desbideratzeari. «Matzadako obra horien garapena eta desbideratzearen trafikoa uztartzeko neurriak» hartuko dituztela gaineratu du. Udalak zehaztu duenez, neurri horiek «behar bezala seinaleztatuak» izanen dira, «trafikoari ahalik eta eragozpen guttien eragiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun