IX. Bortzirietako Abesbatza Topaketa maiatzaren 16an eginen dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 13a

Giltzarri abesbatzarekin batera, Ezkio-Itxasoko Izazpe eta Donostiako Kantakideta abesbatzak izanen dira larunbat arratsean Harriondoan.

Giltzarri abesbatzak, Lesakako Udalaren eta bertze zenbait erakunderen laguntzaz antolatutako Bortzirietako Abesbatza Topaketaren bederatzigarren edizioa maiatzaren 16an eginen dute Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, larunbatean 20:00etan hasita. Giltzarri abesbatzarekin batera, Ezkio-Itxasoko Izazpe eta Donostiako Kantakidetza abesbatzak ariko dira kantari.

 

Aldaketak Giltzarriko zuzendaritza batzordean

Urtero zuzendaritza batzordeko bi kide aldatzen ditu Giltzarri abesbatzak eta aurten Nora Eneterreaga eta Maite Igarzabal sartu dira, Maite Zelaietaren eta Kontxi Ordokiren ordez. Isabel Lacar, Pili Iturbide eta Loly Oharrizekin batera osatuko dute zuzendaritza batzordea.

Urte osoan ekitaldi finko batzuk izaten ditu Giltzarrik: Haurren tailerra eta topaketa, Lesakako eta Igantziko kontzertuak, Andra Mari Zahar Etxeko kontzertua eta urtero irteera bat egiten dute, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere, normalean Bortzirietako topaketan parte hartu duen abesbatzaren batekin elkartrukean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun