Udalak azaldu duenez, «esku hartzeari esker, hiru kilometro baino gehiagoko trazadura indartu da, 518 metroko desnibelarekin eta % 16,8ko batez besteko maldarekin, Kaule auzoa (Bera) Larhungo gailurrarekin lotzen duena. Erabilera mugatuko pista bat da, udalak baimendutakoa, artzainentzat, bentetako langileentzat eta antenetako teknikarientzat».
2023ko maiatzeko euri erauntsiek eragindako kalteen ondotik, «bidea egokitzeko eta hobetzeko beharrari erantzuten dio jarduera honek, malda handiko ingurune batean zorua kaltebera zela agerian gelditu baitzen. Segurtasuna hobetzea izan da proiektuaren ardatz nagusia. Pista horrek, mantentzeko ahaleginak egin arren, istripu larriak izan ditu iraganean».
Egindako lanen artean, honako hauek nabarmentzen dira: eremu malkartsuenetan hormigoizko zoladurako tarte berriak eraikitzea, jada hormigoizkoak ziren eremuak konpontzea, zenbait zati material granularrez egokitzea eta ibilgailuak gurutzatzeko espazioak prestatzea. Halaber, drainatze sarea indartu da ur hodiak egokituz eta ubide berriak eraikiz. Elementu horiek funtsezkoak dira euri urek bideko zoladura ez hondatzeko.
Jardueraren kostu osoa 290.036,35 eurokoa izan da, eta horietatik % 65 Europar Batasuneko FEDER funtsek finantzatu dute La Rhun-E proiektuaren bidez, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren esparruan (POCTEFA 2021-2027).
Lanak bukatu ondoren, pistaren mantentze lanak «erabiltzaile nagusien artean koordinatuta egitea» erabaki dute: Berako Udala, artzainak eta benten arduradunak. «Lankidetza horri esker, pistaren segurtasun baldintzak zaindu ahal izanen dira epe luzera». Orekan Nafarroako Ingurumen Kudeaketa erakundeak eta Berako Udalak gogorarazi dute, «hobekuntzak egin diren arren, baldintza bereziak dituen mendiko pista dela, eta, beraz, ezinbestekoa dela kontu handiz ibiltzea erabiltzen denean».