Amaiurko emakumeak seigarren izan ziren 240 kiloko lehen jardunaldian eta Beti Gazteko gizonezkoak laugarren 300 kilokoan
Beteluko saioan, emakumeen 240 kilokoan, Txantreako bi taldeak izan ziren onenak. Hirugarren postua Berriozarrek eskuratu zuen eta laugarrenean berdindu egin zuten Antsoain A eta Araxes taldeek. Amaiurko emakumeak seigarren izan ziren eta Antsoain B zazpigarren.
Gizonezkoen 300 kilokoan, berriz, Berriozar izan zen indartsuena Betelun. Ondotik sailkatu ziren Txantrea A, Txantrea B, Lesakako Beti Gazte (laugarren) eta Antsoain.
Maiatzaren 16an, larunbatean 17:00etan, Elizondoko Juanjo Atxa pilotalekuan kategoria hauetako bigarren jardunaldia jokatuko dute. Helduekin batera, kadete mailakoek ere lehen jardunaldia jokatuko dute. Zazpi talderen artean, Baztango Basaburuko bi talde izanen dira.
Maiatzaren 30ean, azkenik, San Martin Unxen, txapelketa mistoa jokatuko dute, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Araxes, Berriozar A-B, Beti Gazte eta Txantrea A-B-C lehiatuko dira. Kadeteen txapelketako bigarren jardunaldia ere bertan jokatuko dute.