400 metroko lasterketan Euskadiko txapeldun suertatu da Eñaut Arburua atleta lesakarra

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 12a

Eñaut Arburua Portu lesakarra, podiumaren erdian, joan den larunbatean Gasteizen Euskadiko 400 metroko txapeldun izan ondotik, 18 urtez beheitiko kategorian.

Marka handia egin du Irungo Bidasoa Atletiko Taldean ari den Eñaut Arburua Portu lesakarrak larunbat honetan Gasteizen jokatutako Euskadiko 18 urtez beheitiko atletismo txapelketan. Oraindik 17 urte bete gabeak baldin baditu ere, kategoria horretako txapeldun suertatu da 400 metroko lasterketan. Gainera, 49,41 segundo behar izan zituen garaipena lortzeko, uztailaren 4an eta 5ean Castellon jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko eskatzen zen guttieneko marka hobetuz (49,75).

Eñaut Arburua lasterketa baino lehen, berotzen.

Kontua da, apirilaren 18an Ordizian jokatutako 400 metro hesidunetako Gipuzkoako txapelketan ere bigarren izan zela, Espainiako txapelketara joateko eskatzen zen guttieneko marka hobetuz modalitate honetan ere (56,25 segundo eskatzen zuten eta ia bi segundotan gainditu zuen, 54,38). Beraz, Espainiako txapelketan, 400 metro lauan edo hesidunetan, zein probatan parte hartu aukeratu beharko du Eñaut Arburuak.

Eñaut Arburua, Euskadiko txapeldun eginen zuen proban abiatzeko prest.

 

Klub arteko txapelketa absolutuan bigarren

Joan den astean, Euskadiko klub arteko txapelketa absolutuan ere parte hartu zuen Eñaut Arburuak eta bere proba, 400 metro hesidunak, irabazi zuen gainera, bere kategorian erabiltzen direnak baino hesi altuagoak gaindituz. Honela, berari zegokion probako puntuazio altuena eman zion sailkapen orokorrean txapeldunorde izan zen Irungo Bidasoa Atletiko Taldeari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun