Lesakako sanferminetako kartel eta azal lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai izanen dira aste honetan liburutegian

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 11

Sanferminetako kartel eta azal lehiaketara aurkeztutako lanak ikusteko eta gustukoenen alde bozkatzeko aukera izanen dute lesakarrek aste honetan.

Lesakako sanferminetako kartel, azal eta gibeleko azal lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai izanen dira maiatzaren 11tik 15era, astelehenetik ortziralera Lesakako udal liburutegian, liburutegiaren ordutegian (15:00etatik 20:00etara). Lanak ikusteaz, gustukoenaren alde bozkatzeko aukera izanen da. Izan ere, herri bozketak erabakiko ditu irabazleak.

Lanik onenak bozkatzeko aukera ere izanen da

Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, Lesakan sortuek edo bertan erroldatuak direnek bozkatzeko aukera izanen dute aipatutako egunetan. Kartel eta azal irabazleek 250na euro eramanen dituzte eta herriko ikastetxeetan ari diren neska-mutikoek aurkeztutako gibeleko azalerako lanen artean bozkatuenak eskolako materiala erosteko 100 euroko bonua. Lesakako Udala jabetuko da lan sarituez eta bertzeak itzuli eginen ditu.

Denera, kartel lehiaketara sei lan aurkeztu dituzte, programaren azal lehiaketara bortz lan eta gibeleko azal lehiaketara 133 marrazki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun